argia.eus
INPRIMATU
Señora Sariketa: Bilbon, Erratzun eta Oñatin izango dira bertso saioak, maiatzaren 6an hasita
  • Hainbat lurralde eta adinetako hamabi bertsolarik hartuko dute parte. Bilbon eta Erratzun sailkatutako hiruna bertsolarik Oñatin jokatuko dute finala, maiatzaren 26an. ARGIAk txapelketaren jarraipen berezia egingo du Berezkoa Ta Naturala bideo-podcastean.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 25

III. Señora Sariketa maiatzaren 6an hasiko da, Bilbon. Ostiralean aurkeztu zuten lagunarteko txapelketa Azkainen, eta adin eta lurralde ezberdinetako hamabi bertsolarik hartuko dute parte. "Emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko genero identitateak ikusaraztea" da sariketaren helburu nagusia, eta "belaunaldien arteko aliantzak sendotu" nahi dituzte.

Lehen saioa Bilboko BIRAn izango da maiatzaren 6an, 17:00etan hasita. Bertan izango dira Itxaso Paya Ruiz, Eli Zaldua Barquin, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Ainara Ieregi Aranburu, Izarne Zelaia Arratibel eta Maider Arregi Markuleta. Gai jartzaile lanetan Leire Vargas Nieto arituko da.

Bigarren kanporaketa Erratzuko elkartean jokatuko dute maiatzaren 13an, arratsaldeko 17:00etan hau ere. Bertan kantatuko duten bertsolariak Aroa Arrizubieta Barredo, Maddi Sarasua Laskarai, Idoia Granizo Uribarrena, Janire Arrizabalaga Munduate, Eli Pagola Apezetxea eta Iruri Altzerreka Martinez izango dira. Ane Ezenarro Beristainek jarriko dizkie gaiak.

Kanporaketa bakoitzean hiru bertsolarik egingo dute aurrera, eta Oñatin jokatuko dute finala. Maiatzaren 27an izango da Verduri Hall Gaztelekuan, 17:00etan. Saio guztietako sarrerak salgai daude jada bertsosarrerak.eus atarian. 

Hirugarren edizioa

Duela bi urte hasi zuten proiektua hainbat bertsolari eta bertsozale feministak, tokiko eragile eta mugimendu feministako kideekin elkarlanean. Andre zaharrarekin eta bakardadearekin loturiko kontzeptuari buelta eman, eta "emakume indartsu eta ahaldundu" bat irudikatu nahi izan dute.

ARGIAk jarraipena, bideo-podcast bidez

ARGIAk Señora Sariketaren jarraipen berezia egingo du aurten, eta horretarako, bueltan izango da Berezkoa Ta Naturala bideo-podcasta. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian egin zuten bezala, Aner Peritz, Leire Vargas eta Oihana eta Haizea Arana jarriko dira mikrofono aurrean BTN Señora Edition saioan. Bertsoaldien azterketa sakonak eta umorea nahastuko dituzte ordubeteko hiru saiotan. Maiatzaren 11tik aurrera, ostegunetan izango da ikus-entzungai ARGIAn eta gure audio-plataformetan.