Amillubi proiektua martxan jartzen ari da laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkartea, 27 eragileren laguntzarekin. Urola ibaiaren meandroan kokatuta dauden 90.000 metro koadro lur eta baserria modu kolektiboan erostea da helburua, laborari agroekologikoei baldintza onetan uzteko eta herritarrek bertatik elikagaiak eskuratzeko. Abenduaren 8an Durangoko Azokan izango da aurkezpena eta azokak irauten duen egunetan Amillubiri ekarpen ekonomikoa egiteko bonolaguntzak eskuratzeko aukera egongo da, baita errifa oso bereziak ere, Durangoko eliz atarian jarriko duten postuan.
Amillubi Taupaka proiektua abenduaren 1ean aurkeztu zuten lehen aldiz, Azpeitin (hemen irakurgai Uztarriak egindako kronika). ARGIAk aste honetan kaleratuko du Amillubiri buruzko erreportaje berezia.
Abenduaren 8an, ostiralarekin, herritarrek beste aukera bat izango dute Amillubi proiektuari buruzko xehetasunak ezagutzeko: Durangoko Azokan izango da, 15:30ean Talaia gunean.
Elikadura burujabetzaren estrategia praktikan lantzen joateko helburua duen proiektu honek 390.000 euro bildu behar ditu datozen bi urteetan, diru horrekin Zestoako udalerriaren Iraeta auzoan kokatuta dauden lurrak eta baserria erosteko eta baserriaren konponketa lanak egiteko (udal toponimiaren arabera, "Amilibia" da eremu hori). Dagoeneko diru ekarpena egin daiteke Coop57-rekin martxan jarri duten diru-bilketa kanpainan.
Durangoko azokan aukera egongo da Amillubiren bonolaguntzaren truke opari hauek eskuratzeko. Guztiek dituzte Ione Larragok Amillubi proiekturako garatutako ilustrazioak: orri-markatzailea (10 euroko bonolaguntzarekin), koadernoa (50 euroko bonolaguntzarekin) eta platera (100 euroko bonolaguntzarekin).
Amillubi sustatzeko errifak ere atera dituzte, eta oso sari bitxia izango dute. Hiru sari banatuko dira, bakoitza bost lagunentzako izango dena, eta hauxe da hamabost pertsona horiek gozatuko dutena: "Bazkaria Itziarko Txindurri Iturri sagardotegian + Lurrarekin konexio saio bat Enekoach-ekin Amillubin". Antton Telleriaren umorezko bakarrizketa, alegia.