argia.eus
INPRIMATU
Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik
  • "Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri den programa.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abenduaren 01
Artxiboko irudian, borroka feminista aldarrikatzen zuen manifestazio bat, 2020an, Donostian. Dani Blanco - ARGIA Fototeka

Iluntzeko zortzietan, kontu sortu berri batetik hedatu da notizia: umoregile hasitako mutil gazte bat, artista ugarirekin elkarlanean aritua herri ugaritako oholtzetan, egun programa propio bat aurkezten duena, salatu egin dute publikoki hainbat emakumek, erasoak egin dituelako. Ez da eraso bakarra izan, salaketaren arabera: "Asko gara gizon honen eraso fisiko, sexual, psikologiko eta berbalak jasan ditugunak; ez behin, ez bitan... erasoek denboran iraun dute, eta gainera ugaritu egin dira". Salatzaileak toki ezberdinetako neska gazteak dira.

"Egoera honek ezin du isilpean jarraitu", adierazi dute oharrean, eta neurriak edota erantzukizunak galdegin dituzte. Are gehiago, saretuta daudenaren mezua zabaldu dute: "Ezin da erasorik berriro gertatu. Aski da. Ez dugu emakume gehiago arriskuan egon dadin nahi. Gure artean antolatu gara, babestu eta zaindu gara; zu ere erasotua izan bazara, jakin, babestuko zaituen sare bat badagoela".

Kaleratutako oharra.

Oharra argitaratu eta ordubetera, EITBk mezua kaleratu du esanez bertan behera utzi duela, kautelaz, pertsona hori ageri den edukiaren ekoizpena eta emisioa. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoizten du programa EITBrentzat, eta bertako arduradunekin adostuta hartu dute erabakia.

Hiru Damatxok hala berretsi du beste komunikatu batean, bilerak eta erabakiguneak abiatuko dituztela. "Zilegitasun osoa" aitortu die salaketa egin dutenei, eta babesa eta min gehiago ez egiteko konpromisoa helarazi ere bai.

Ekoiztetxeak duela egun batzuk izan zuen etorriko zen salaketaren berri, eta EITBri jakinarazi zion. Salatzaileen denborak errespetatzeko, baina, orain arte ez dute ezer jakinarazi.

Salaketa anonimoak sareetan

Espainiako Estatuko politikagintza astindu zuen erasotzaile ezagunaren kasua azaleratu ondotik, ugaldu egin dira salaketak sarean eta era anonimoan biltzeko kontuak. Hemen, @denuncias_euskalherria kontuan, irakur daitezke dozenaka kasu Euskal Herrian jazoak eta orain arte isilpean eramanak.

Esaterako, aurreko astean Irutxuloko Hitza-k kontatu eta ARGIAra ekarri genuen, lizentzia libreen bitartez, musika teknikari donostiar ezagun baten aurkako salaketa-pilaketa.