Iruñeko Arturo Campión euskaltegiak eta Iruñea Taldea Euskal Kultur Elkarteak 50. urteurrena ospatzen dute aurten, eta Amaiur Gaztelu Elkarteak eta Iruñeko Jarauta 69 txaranga ospetsuak 40. Taldeon urteurrenak ospatuko dituzte larunbatez Amaiurren.
Antolatu duten egitarauaren arabera, 11:00etan abiatuko dira Amaiur herriko sarreratik eta "erromeria laikoa" egingo dute gazteluraino, bi geldiune eginez. Lehenbizikoa herriko plazan egingo dute, eta bertan, Gaztelu eta Iruñea dantza taldeen dantzaldiak egingo dira. Bigarrenean, Amara Berri kantuz taldea eta Iruritako dantza taldea ere arituko dira.
Xabier Irujok hitzaldia eskainiko du ondoren, Pottokaren kantuak ere hantxe izango dira eta Nafarroako albokarien soinua ere entzungo da. Omenaldia jasoko duten lau taldeek beren adierazpenak irakurriko dituzte ondoren, non adieraziko duten euskal kultura, folklorea, hizkuntza eta historia defenditzeko duten konpromisoa.