argia.eus
INPRIMATU
Aukeratu gabeko bakardadea prebenitzeko proiektu bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuak Sakanan
  • Sakanako pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab. Bizilagunen parte hartzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.

Olaia L. Garaialde 2024ko apirilaren 02a

Aukeratu gabeko bakardadea da pertsona batek behar adina interakzio sozial ez dituenean, horrela nahiko lukeenean, edo interakzio horiek ez direnean behar bezain kalitatezkoak edo bere behar eta itxaropen sozialen araberakoak sentitzen den sentimendu subjektiboa. Adin guztietako jendeari eragiten dion arren, zenbait kolektibo zaurgarriagoak dira; horien artea, zaharrak. Horregatik, komunitate zaintzaile bat bultzatu nahi du Nafarroako Gobernuak Sakanan. Helburua da landa eremuan jarduten duten gizarte zerbitzuak indartzea, “kalitatezko” arreta eman ahal izateko bailarako pertsona zaharrei.

2023ko apirilean jarri zuten martxan Teknoadineko Landab proiektu pilotua, eta zaintza komunitarioan oinarritzen da. Lehenengo fasean diagnostikoan eta sentsibilizazioan jarri dute arreta. Horretarako, bakarrik bizi diren inguruko pertsona zaharren nahiak eta beharrak bildu dituzte.

Horrez gain, proiektuan parte hartzen duten hiru mankomunitateek —Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko mankomunitatea, Etxarri-Aranatzekoa eta Irurtzunekoa— hitzarmen bat sinatu dute horien arteko harremana arautzeko. Hori dela eta, lantalde motor bat sortu dute mankomunitate bakoitzean: helburua da ekintza komunitarioen jarraipena egitea eta baliozkotzea. Mankomunitateko, osasun arloko eta gizarte zerbitzuetako langileek osatzen dute taldea. Erakundeetako langileen inplikazioaz aparte, herritarrengana ere jo dute, eta bailaran erreferenteak diren pertsonak identifikatu dituzte formazioa eskaintzeko eta elkarrekin kolaboratzeko.

Informazio Sistema Integralaren beharra

Nafarroako Gobernuaren arabera, lehentasuna da Informazio Sistema Integrala (SII) antolatzea eta ezartzea mankomunitate bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetan. Sistema horren bidez mankomunitateek zahartzaroaren eta bakardade edo bazterkeria egoeran dauden pertsonen inguruko datuak lortu, eta pertsonak horiek identifikatu ditzakete.

Datu horien bidez, zaurgarri edo bakarrik dauden pertsona zaharrak identifikatu, eta haienagana hurbildu nahi dute euren egoera lehen pertsonan ezagutzeko eta aztertzeko zer-nolako babes soziala duten.

Horri esker, programan parte hartzen duten pertsonek noren laguntza jaso nahi duten erabakitzeko aukera izanen dute. Ez badute oinarrizko lanetan laguntzeko bizilagunik topatzen lantalde motorra arduratuko da horretaz, eta osasun arloko, zerbitzu eta saltokietako langileak eta bizilagunak lotuko ditu laguntza lanak egiteko.

Horretarako, auzozainak “nahitaezkoak” direla nabarmendu du Nafarroako Gobernuak. Bakarrik bizi diren bizilagun zaharrekin kontaktuan dauden boluntarioak dira. Babesa helarazi, eta pertsona horien eguneroko bizitzan gertatzen diren aldaketei erne egon behar dira. Aldaketa osasunerako arriskutsuak izan badaitezke gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri behar dira. Informazio gehiago izateko gida bat egin dute.