Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan 'Zeruko Argia' aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz mintzatzeko aukera izan dugu.
Elixabete Garmendia txikitan irratsaioak egitera jolasten zelarik konturatu zen horrek periodismo izena zuela eta bizibide izan nahi zuela. Iruñera joan eta kazetaritza ikasketak egin ondoren, Euskal Herriko hainbat komunikabidetan egin du lan: hala nola, Zeruko Argian (gaur egun, Argia) eta EITBn. Udako goiz batean Donostiako bere etxeko egongelan elkartu eta bazkalordurarte luzatu zaigun solasaldian murgildu gara, infusio eta kafe artean, bere liburu kuttunez inguratuta eta umorea lagun. Izandako erreferenteez, euskaraz idazteak sortutako aukerez eta erronkez eta euskal kazetaritzaz aritu gara, besteak beste.
Hainbat elkarrizketatan esan duzu txikitan irratsaioak egiten zenituela egunkariak irakurriz. Zeintzuk izan ziren zure erreferenteak?
Telebistarik ez zegoen gure etxean. Nire jolaserako eredu nagusiak Radio Nacional de Españako albistegiak –parteak, gerra garaiko izenez– eta Segura Irratiako discos dedicados ziren. Baina banituen beste erreferente batzuk ere: Radio Paris, Radio Pirenaica eta Radio Euskadi –Venezuelako exiliotik aritzen zen hura– entzuten ziren gure etxean, gauean, klandestinoki, eta horrek bazeukan bere xarma. Prentsan La Voz de España eta El Diario Vasco egunkarietako artikulugileak jarraitzen nituen. Gustatzen zitzaizkidan José de Artecheren artikuluak eta Antonio Valverderenak, hemengo gaiei buruz aritzen zirelako, euskal identitatetik. Erabat espainiar eta arrotzak ziren egunkari horietan aurkitzen zenuen konexio bat euskaldun izatearekiko. Emakumeen artean bi zeuden: Marichu Mayor Lizarbe –Gipuzkoako lehen emakume kazetari tituluduna– eta Cecilia G. de Guilarte. Gerora jakin nuen Guilartek ze ibilbide egin zuen: ezkertiarra zen, gerra ondoren Mexikora exiliatu zen, literatura ere landu zuen… Emakume interesgarria oso. Jolasean konturatu nintzen nik egiten nituen irratiko programa haiek kazetaritza zirela, bueno, periodismo esaten genuena orduan. Oso garbi izan nuen, 6, 7, 8 urterekin asko jota, kazetari izan nahi nuela. Kazetaritza ikasketak egin izan ez banitu ez nuen sentituko neure burua nahikoa indarrarekin kazetari izateko.
Zeruko Argian lan egin zenuen urte luzez. 1977tik aurrera Deia eta Egin medio elebidunak sortu eta Zeruko Argiako kolaboratzaile asko bertara joan ziren. Behin baino gehiagotan entzun zaitugu esaten zuretzat oso garrantzitsua zela euskara hutsezko kazetaritzari eustea. Zergatik?
Ez dakit artean diglosiaren kontzeptua ezagutzen genuen, baina garbi zegoen hasieratik bi egunkari haietan —Deian eta Eginen—, elebidun izenekoak izan arren, gaztelania zela nagusi eta euskara morroi. Deia-ra joateko gonbitea egin zidan Martin Ugaldek eta eskertu nion, baina ezezkoa eman nion. Ikusten genuen euskarazko kazetaritzak bere espazio propioa behar zuela, garatuko baldin bazen; gurea ez zen analisi zientifikoa, baina senak hori esaten zigun eta gerora konprobatu dugu. Nik betidanik idatzi dut euskaraz, gure etxean euskara zen jatorrizko hizkuntza, “erderaz ezta txantxetan ere!” esaten zen, baina gero nahi eta nahi ez erderaz egin behar zen, eskolan dena zen gaztelaniaz.
Zeintzuk bide zabaldu dizkizu euskaraz idazteak eta zeintzuk oztopo topatu izan dituzu bidean?
Sekula ez dut galera modura sentitu; alderantziz, aukera eta erronka modura bizi izan dut —eta bizi dut— euskarazko kazetaritza lantzea eta garatzea. Hori bai, egoera diglosikoa jasan nuen Euskal Telebistan: bai euskara hutsez aritu nintzenean —Bertatik Bertara saioan, adibidez—, eta baita bi hizkuntzetan aritu nintzenean ere, albistegietan. Beti gaztelaniazko saioek zeukaten lehentasuna eta baliabide gehiago. Eta orain, ikusle modura, balorazio berbera egiten dut, zoritxarrez. Adibidez, gogoan dut Dorre Bikien atentatua izan zenean. Eguerdia zen, eta lankide batek abisatu zigun: “Zerbait ikaragarria gertatu da New Yorken!”. Hortik aurrera, EITB2n berehala jarri zituzten albiste hori landuko zuen ekipoa eta bitartekoak, eta jarraian hasi ziren horri buruz emititzen. ETB1en ordutara. Kasu horietan argi ikusi eta jasaten da egoera diglosikoa: zeinek daukan garrantzia eta zein den erabat bigarren mailakoa.
“Sekula ez dut galera modura sentitu; alderantziz, aukera eta erronka modura bizi izan dut —eta bizi dut— euskarazko kazetaritza lantzea eta garatzea. Hori bai, egoera diglosikoa jasan nuen Euskal Telebistan: bai euskara hutsez aritu nintzenean —Bertatik Bertara saioan, adibidez—, eta baita bi hizkuntzetan aritu nintzenean ere, albistegietan”
1970eko hamarkadan zure lankide zen Pilar Iparragirrek emakumezkoen sexualitateari buruzko erreportajea idatzi ondoren, Argiak bazkideak galdu zituen. Zelan bizi izan zenuen hori?
Orduan argitaratu berria zen ‘Hite’ informeari buruzko erreportajea egin zuen Pilar Iparragirrek. Shere Hitek emakumearen sexualitateari buruz idatzitako txostena oso famatua izan zen garai hartan. Zaparrada izugarria etorri zitzaigun gainera erreportaje horrengatik, eta harpidedun asko galdu genuen. Baina lehendik zetorren joera hori, eta gerora ere jarraitu zuen: harpidedun tradizionalek, karkak ez esatearren, utzi egin zuten Zeruko Argia, aldizkariak hartu zuen ildo aurrerakoiarengatik. Horrek kointziditu zuen Deia eta Eginen sorrerarekin; Deiara joan zitzaizkigun harpide tradizional horietako asko. Tabua zen sexualitatea berez, eta areago euskararekin lotuz gero. Euskara zen garbia, purua. Sexualitatearen inguruko gauzak ezin ziren adierazi eta argitaratu, eta, are gutxiago, euskaraz. Sexualitateari buruzko errepresio ikaragarri hori euskararen balizko purutasun horrekin lotuta zegoen. Tradizionalen ikuspegitik euskarak eta euskal munduak zerutiarra izan behar zuen: katoliko-apostolikoa, txintxoa, esanekoa… eta guk zerutiarretik, izena bakarrik geneukan. Sexualitate kontuengatik protestatzen zuten batez ere, sexu kontuak euskaraz ezin ziren aipatu, hizkuntza zikindu egiten zutelako nonbait. Apustu egingo nuke haietako batek baino gehiagok aldizkari pornografikoak begiratuko zituela… gaztelaniaz edo frantsesez, jakina. Geure euskara gozo, garbi, santu hori gordetzeak egiten duena da murriztu eta pobretu erabat, ez dio uzten garatzen, ez dio uzten jende guztiarengana iristen, kondenatzen zaituzte erreminta erabat kamuts batekin aritzera, funtzionatzen ez duen erreminta batekin.
“‘Hite’ informeari buruzko erreportajea egin zuen Pilar Iparragirrek. Shere Hitek emakumearen sexualitateari buruz idatzitako txostena oso famatua izan zen garai hartan. Zaparrada izugarria etorri zitzaigun gainera erreportaje horrengatik, eta harpidedun asko galdu genuen”
“100 urteko sokadantza” dokumentalean Argiako langileek azaldu zuten doako edukia eskaintzaren hautuak erreferentzialtasun handia eman diela. Pikara Magazineko ekipoak ere hautu horren alde egin zuen. Zein iritzi daukazu edukiak eskaintzeko moduei buruz?
Nik pentsatzen dut egindako lana kobratu egin behar dela, baina hori lortzeko modu asko dago. Gaur egungo Argiakoek ez dakit non daukaten mirariak egiteko makina, baina funtzionatzen die. Nik 1980ko bukaeran alde egin nuen Argiatik, soldata jasotzeari utzi genionean, nire bizibidea behar nuelako independente izateko. Orain 104 urte beteta dituen aldizkaria bizi-bizi dago, doako edukia ere eskaintzen dute, eta ondo doakie. Badakit jende gaztea Argiari lotu zaiola bide horretatik; hortaz, asmatzen ari dira. Pikarari dagokionez, hasieratik asko gustatu zaidan medioa da. Niretzat, nahiz eta ez dudan askorik militatu talde feministatan, Euskal Herrian talde zein prentsa feminista egotea funtsezkoa da. Gainera, kazetaritzatik begiratuta, oso erakargarria egiten zait, oso ona iruditzen zait: kazetaritzako parametroetatik egindakoa eta militantea, aldi berean
Elkarrizketatutako pertsonak hautatzean zer izan duzu kontuan egindako ibilbidean zehar?
Garai batean, gaztetan, adineko jendea elkarrizketatu izan nuen dezente; orain, alderantziz gertatzen zait, ni baino gazteagoak elkarrizketatzea suertatzen zait. Aldi batean, ETB-1en Postdata saioa (2002-2009) egiten genuenean, asko jotzen nuen Iparraldera. Bertatik Bertara saioan ere aukera izaten nuen gaiak aukeratu eta elkarrizketak hautatzeko. Irizpide nagusia niretzat beti izan da euskal munduaren (euskaraz bizi den eta lan egiten duen mundua) komunikazioa indartzea, zeresana zuen jendea eramatea eta dialogoa sustatzea etxean egongo zen jendearekin. Nahiago nuen normalean medioetan lekurik izaten ez duen jendearengana jotzea. Garai hartan emakumeen kopurua agerpen publikoetan oso txikia zen eta Maddalen Iriarterekin Ados saioan lan egin nuenean ikaragarri begiratzen genuen proportzioa, lan handia egiten genuen platoan emakumeak agertzeko.
Bertatik Bertara saioko zuzendari izan zinen. Zein da zure ustez euskarazko saio honek izandako arrakastaren gakoa?
Bertatik Bertara magazinean 1995etik 2002ra aritu nintzen, hasieran koordinatzaile, Estepan Aldamiz-Etxebarria buru zela, eta gero zuzendari. Andoni Aizpuru, Joxe Mari Gabiria eta ni geunden momentu hartan, hirurak goierritarrak. ETBko nagusiek esan ziguten, literalki, “ahal duzuena egin”, eta hortxe egon zen sekretua, eskuak libre utzi zizkiguten. Izugarria zen jasotzen genuen feedbacka; jendeak telefonoz deitu edo faxez bidaltzen zizkigun deialdiak: gure herrian festa hau egitera goaz, erakusketa bat antolatu dugu, edo badago gizon bat adinekoa asko daukana kontatzeko… Nik uste zuzeneko harreman hori izan zela arrakastaren sekretua, jendeari hitza ematea. Ikus-entzuleetatik elikatzen zen saioa neurri handian. Gainera, une hartan gatazka gogor zegoen herri honetan, eta guk erabaki genuen euskal munduari gozagarriren bat ematea, euskal mundua biltzen edo gai komunak bilatzen saiatu ginen. Bazegoen nahikoa sufrimendu eta nahita ekin genion bide horri, tonu positiboan, alderdi onak azpimarratuz.
Erretiratu ondoren antropologia ikasketak egin zenituen. Zerk eraman zintuen hautu hau hartzera?
Orain dela urte batzuk, 90eko hamarkadan, konturatu nintzen kazetaria izan ez banintz antropologoa izan behar nuela. Joseba Zulaikaren liburuek —batez ere bere tesiak, Violencia vasca. Metáfora y sacramento (1988)— eraman ninduten hori pentsatzera. Aurre-jubilazioan sartu nintzenean antropologiako masterra egin nuen EHUren Antropologiako Fakultatean. Gozada hutsa. Bukaerako lana honako hau izan zen: Emakume ezkonduak fabriketan: arrotz izatetik nor izatera. 1970eko hamarkadan Ormaiztegiko lantegietan egindako urratsaren gakoak (2017ko iraila). Ordura arte, ezkontzean, fabrikako dotea jaso eta etxera erretiratzen ziren, eta lanean jarraitzen zuten bakarrak ezkongabeak ziren. Nire adineko emakumeak, nire lagunak, izan ziren ezkondu eta gero ere fabrikan lanean jarraitu zuten lehenak. Fenomeno hori gure belaunaldian gertatu zen Estatu mailan ere. Poztasuna eman zidan gertaera horren protagonistak hurbilekoak izateak eta eurak elkarrizketatu ahal izateak.
“Norbaitek posesiboa erabiltzen duenean bestearen gainetik kokatzen du bere burua, adineko jendea beheragoko posizioan kokatzen dute kasu honetan, gizajo eta gajotzat hartuta”
Berria egunkarian pandemia garaian Mari Luz Estebanekin batera egin zizuten elkarrizketa batean esan zenuen medioetan “Gure zaharrak” edo “Gure aiton-amonak” erabiltzen dutela. Zer dago esaera hauen atzean?
“Gure” hori ikaragarri erabiltzen da azkenaldian ETBko albistegietan. “Gure aiton-amonak” esaten dutenean, zartada elektrikoa sentitzen dut, sutan jartzen nau. “Gure” hori ere erabiltzen da “gure baserritarrak” esatean, baina “gure langileak” ez dute sekula esango, beti mundu ustez zaharkitu bati buruz ari direnean erabiltzen dute. Norbaitek posesiboa erabiltzen duenean bestearen gainetik kokatzen du bere burua, adineko jendea beheragoko posizioan kokatzen dute kasu honetan, gizajo eta gajotzat hartuta. Espero dut norbaitek Euskal Telebistan horrelako analisiren bat egitea. Ez die belarrietan minik ematen? Niri ikaragarrizkoa, eta adinean aurrera noala gehiago, ez nazatela horrela tratatu inolaz ere. Mari Luz Esteban antropologoak edo Mariasun Landa idazleak diotena, edo Arantxa Urretabizkaiak Azken etxea (2022) liburuan idatzitakoak entzun eta irakurri behar dira gaur egungo emakumeok zahartzaroa nola bizi dezakegun antzemateko. Horiek plano honetan ikusteak eta sentitzeak asko pozten nau, eta uste dut asmatuko dugula. Emakume zaharrek beste bizimodu bat ari gara entseatzen, egiten, eta hori hurrengo belaunaldiei normal-normala irudituko zaizue, zorionez.
Eta orain kazetaritzan jarraitzen duzu?
Berria egunkarian eta Goiberri aldizkarian kolaboratzen dut iritzi artikuluekin eta Mariano Ferrer kazetariari buruz argitaratu berri den liburuan –Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) koordinazio lanean aritu naiz. Jubilatu nintzenetik bi liburu idatzi ditut enkarguz: Carlos Garaikoetxea, lider bat lehendakari (Aleka, 2018) eta, nanoGUNE, txikiaren xarma (2021), nanozientziaren ikerketa zentroari buruzkoa. Gauza lokalagoak ere ateratzen dira, adibidez Zeraingo Eskola Txikiak 40 urte bete dituelako egin berri den mahai-ingurua dinamizatzen. Euskal munduko eta euskaraz garatzen diren ekintzetako zirkuituan jarraitzen dut, gustura.