argia.eus
INPRIMATU
Audientzia Nazionalak absolbitu egin ditu pintaketa batengatik epaitutako Laudioko bi gazteak
  • Ertzaintzak froga gisa aurkezturiko bideoan azaltzen direnak ez dira Aitor Martinez eta Beñat Ereño, epaileak ondorioztatu duenez. Urtebeteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta 2.520 euroko isuna eskatzen zuen fiskalak.

Aiaraldea @aiaraldea 2017ko maiatzaren 11

Absolbitu egin dituzte Aitor Martinez eta Beñat Ereño gazte laudioarrak. Iragan asteko asteartean izan zuten epaiketa Madrilen, Espainiako Entzutegi Nazionalean, Angela Murillo epailearekin.

Bi gazteek asteazkenean izan zuten absoluzioaren berri, baina gaur arte ez dute sententzia ikusterik izan. Bihar (ostirala) bilduko da Ereño eta Martinez babesteko sortutako herri plataforma, epaiaren gaineko balorazio bat egiteko.

Bideoa

Sententziak adierazten du epaiketan aurkeztu diren probek ez dutela balio bi gazteak kondenatzeko. Epaiketan proiektatu zen bideoan pintadak egiten azaltzen diren bi pertsonakEreño eta Martinez ez direla ondorioztatzen du sententziak. “Bideoko kideen eta akusatuen arteko altuera eta fisionomia ezberdintasunak” agerikoak direla nabarmentzen du epaiak.

Horretaz gain, Aitor Martinez ezkertiarra zela aitortzen du sententziak, pintadak eskumako eskuarekin marraztuak zeuden bitartean. Horregatik absolbitu dituzte bi gazte laudioarrak, “pintadak eurek egin zituztela adierazteko frogarik ez dagoelako".

 

Albiste hau Baleikek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.