argia.eus
INPRIMATU
Atzoko filosofoen oraina hausnartuz
Adur Aranburu Balza 2025eko otsailaren 13a

Epistemologia, edo ezagutzaren teoria, filosofiaren arlo nagusietako bat da, eta historian zehar garrantzizko eztabaidak izan dira gure ezagutzaren mugen eta oinarrien inguruan. Honen baitan bi korriente indartsu topatzen dira, ezagutzara iristeko bide ezberdinak proposatzen dituztenak: Descartes-en Arrazionalismoa, arrazoian oinarrituta, eta Locke eta Humek errepresentatzen duten Enpirismoa, esperientzian oinarrituta.

Descartesek “cogito ergo sum” esaldian laburbiltzen du abiapuntu gisa bere iritziz ziurra den oinarria. Egia arrazoiaren bitartez lortu nahi du eta horretarako, metodo matematiko-deduktiboa jotzen du bide egokitzat. Batetik, arrazoimenean du konfiantza osoa, egia ezagutzeko bide bakartzat jotzen baitu. Hori gutxi balitz, aipatzekoa da ere mekanizismoa; izan ere, errealitate fisikoa tresna mekaniko bezala ulertzen da, helbururik gabe.

Honen aurka eta espektro filosofikoaren beste aldean, enpiristak topatzen ditugu, haiek esperientzian oinarritzen dira egia osoa ezagutzeko; hau da, haien hitzetan zentzumenen bidez lortutako esperientziaren emaitza da ezagutza. Horrez gian, esperientzian oinarritutako arrazoimen kritikoa aldarrikatzen dute; enpiristek arlo praktikoetara bideratu nahi baitute esperientzia eta hark eskuratutako ezagutza.

Hala ere, Kant filosofo austriarrak bi korronte hauek kontrajarriak ez direla baieztatu eta demostratu zuen. Are gehiago da, bi korronteak zirela beharrezkoak eta bi korronteak elkartu behar zirela zioen, egia absolutura edota ezagutza osora iristeko. Horrela, filosofia kantiarrak, kritizismoaren bidez, jarrera arrazionalistaren eta enpiristaren arteko antagonismoa gainditzen du bakoitzetik alderik positiboena hartuz. Horrela, ezagutzara iristeko bide zuhurrago eta eraginkorragoa lortu zuen.

Soilik sentimenduen eta arrazoiaren arteko elkarrekintzaren bitartez eraiki ahal izango dugu Euskal Herri zein mundu justuago eta hobeago bat

Ezinezkoa da egia osoa lortzea bi bideetako bat erabili gabe. Arrazoia eta esperientzia, biak dira beharrezkoak ezagutza osoa lortzeko eta bien arteko elkarlanaren bitartez zein batak bestearen hutsak betez soilik izango da posible egia osora iristea. Gainera, biak erabiliz, batenganako dogmatismo hutsa deuseztatzen da, zentzu eta iritzi kritiko bat erabiliz; gaur egun hain beharrezkoa den iritzi kritikoa.

Guztiz beharrezkoa dugu gaur egun Euskal Herrian zein munduan gertatzen ari diren hainbat gauzari erreparatzeko iritzi-kritikoa. Batez ere, gaur egungo egoera konplexuaren aurrean hainbat titularrengatik itsutuak ez izateko edota errealitatearen aurrean manipulatuak ez izateko.

Azken boladan bai munduan eta bai Euskal Herrian gero eta egoera soziopolitiko konplexuagoa dugu. Aipatzekoa da azken urteetan faxismoaren gorakada esponentziala eta hauteskundeetan lortzen ari diren emaitza paregabeak. Zer esanik ez azken asteetako gertakizunak kontuaz hartuz; izan ere, zeharo esanguratsua da Elon Muskek, munduko pertsona boteretsuenak agur nazia egin izana publikoki, inongo ondoriorik gabe. Hamarnaka dira ultraeskuinaren igoeraren arrazoiak, baina esango nuke badela titular hutsal bat. Herritarren bizi kalitatea beherantz doa eta horren aurrean diskurtso populistak erakargarriak dira eta diotenaren aurrean norbanakoak iritzi-kritikorik ez badu, erraz irentsi dezake amua, eta tamalez, hori betetzen ari da.

Bestalde, immigrazioaren inguruko titular manipulatzaileen bitartez, beldurra sortzen dute, ezinegona eta bizitza aurrera ateratzeko etorri direnak kriminal hutsak balira bezala margotzen dira. Honen aurrean, enpirismoa soilik hartuko bagenu ezagutzarako bide bezala, sentimenduen bitartez erraz manipulatuak izan gaitezke.

Horrez gain, Palestinako genozidioa ez dugu ahaztu behar, eta aipatzekoa da estatuko zein internazionalki indartsuak diren komunikabideen papera. 47.000 palestinar hildako, 2.000 israeldarrak. Baina zifretatik harago doa dena. Ez dugu ahaztu behar nor izan den palestinarren lurretan sartu dena; alegia, nor den zapaltzailea eta nor zapaldua. Gai honen inguruan hausnartzeko ere guztiz beharrezkoa da iritzi kritikoa, manipulatuak izaten ez uzteko. Honen aurrean, Arrazionalismoa soilik erabiliko bagenu; hildako palestinarrak zenbaki hutsal bat direla irudituko litzaiguke; izan ere, gripearekin urtean hildako 50.000 pertsonak hildako palestinarren parekoa irudituko litzaizkiguke, testuinguru politikoa alde batera utziz.

Horregatik guztiagatik, Enpiristak eta Arrazionalistak izan behar dugu, sentimenduak eta arrazoia erabili behar ditugu; biak elkarlanean, Kanten kritizismoak proposatzen duen gisa.

Soilik sentimenduen eta arrazoiaren arteko elkarrekintzaren bitartez eraiki ahal izango dugu Euskal Herri zein mundu justuago eta hobeago bat.

Adur Aranburu Balza