Ostegun goizean Flamevillen egondako istripuak ez du ondorio larririk izan, baina hizpidera ekarri du berriro ere zentralaren inguruko polemika: 2014an ikerketa batek erakutsi zuen kalitate kontrol faltsuak zituela. Eskandaluaren eraginez Frantziako 20 zentral itxi zituzten, prebentzioz.
2005ean Flamanvilleko zentralak erreaktore berri bat eraikitzeko baimena jaso zuen, Erreaktore Nuklear Presurizatua (EPR). Teorian munduko “handiena, seguruena eta efizienteena” izango zen, baina praktikan gauzak ezberdinak izan dira.
2014an enpresa eraikitzaileak ikerketa bat abiatu zuen, Frantziako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (ASN) erreaktorea babesten zuen altzairu plakaren kalitatea zalantzan jarri ostean. Ikerketa horretan deskubritu zuten piezen kalitatea ziurtatzen zuten 87 dokumentuetatik 20 faltsuak zirela, Flamanvilleko zentralak berak sortutakoak. Gertakariak “domino efektua” izan zuen eta Frantzian zeuden 58 zentral nuklearretatik 20 itxi behar izan zituzten, prebentzioz. Herrialdeak sortzen duen elektrizitatearen %80 zentraletatik dator.
Istripuak, atzerapenak eta diruaren alferrikako xahutzea
Planta berriaren eraikuntza 2007an abiatu zen eta prozesuan segurtasun arazo larriak izan dira, horien artean langile baten heriotza eragin zuen istripua. Obrak 2012rako amaituko zituztela iragarri zuten, baina dagoeneko hamar urteko atzerapena aurreikusi dute. Aurrekontuei dagokienez, hasieran 3.300 milioi euro kalkulatu zituzten, eta dagoeneko 9.000 milioi baino gehiago gastatu dituzte.
Greenpeacek energia berriztagarrien aldeko apustua egin dezala eskatu dio Frantziari, eta “amesgaizto industrial hau geldiaraztea, diru publiko gehiago alferrik ez xahutzeko”.