argia.eus
INPRIMATU
Atzerritarrentzako Internamendu Zentroaren aurkako mobilizazioa egin dute Bartzelonan
  • Bi mila pertsona baino gehiago hurbildu dira larunbatean Bartzelonako Zona Franca Atzerritarrentzako Internamendu Zentroaren (AIZ) itxiera eskatzeko mobilizaziora. 

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 22a
Polizia-lerro batek inguratu zituen manifestariak (argazkia: Directa)

AIZ itxiko dugu zioen pankarta baten atzean abiatu zen manifestazioa, zentroaren ateraino iritsiz. “Inor ez da ilegala” oihuen artean, manifestazioak berrehun bat metro egin zituen ondorengo ekitaldia burutuko zen eszenatokira iritsi arte.

Mugimendu askotako elkarteek hartu zuten parte manifestazioan, bai etorkinen eskubideen inguruko eragileek, baita bestelako gaien ingurukoek ere, Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma (HKP) kasu.

Polizia-lerro batek inguratuta, indarrezko deportazioetan eta etorkinen internamentu zentroetean hildako pertsonen argazkiak erakutsi zituzten manifestariek. Amaiera ekitaldian musika, dantza eta bestelako ikuskizunez gain, herri mugimenduetako eragileek hitza hartu zuten zentroaren itxiera eskatzeko.

Sandra Queraltó “Tancarem el CIE” (AIZ itxi) plataformako kideak Directa egunkariari adierazi dionez, internamendu zentroa izebergaren punta da: “Migrazio politika arrazista, zapaltzaile eta baztertzailearen erakusle argia da".

Erabakia Kataluniako Parlamentuan

Azken asteetan AIZ itxiko dugu izenpean kanpaina zabala egin dute Bartzelonan hainbat elkartek bultzatuta (AIZ itxiko dugu, SOS arrazakeria eta Migrastudium). Kanpaina honen bidez Zona Francaren gaia Kataluniako agenda politiko eta mediatikoan presente egotea lortu dute bultzatzaileek.

Kataluniako Parlamentuari zentroa isteko eskaria egin diote. Bi aste barru eginen dituzte AIZren modeloaren inguruko bozketak Parlamentuan, eta plataformaren eskariekin bat egiten dutela adierazi dute hainbat taldek, hala nola, ERC, ICV-EUiA eta CUP-AEk. PSC eta CDCren bozkak izanen dira erabakiorrak bozketan.