argia.eus
INPRIMATU
Bi eskumen berri bere gain hartu ditu Jaurlaritzak: atzerritarren lan-baimena eta meteorologia-zerbitzua
  • 2025 amaitu baino lehen Gernikako Estatutuan jasotzen diren eskumen guztiak izatea espero du Jaurlaritzak. Oraindik 25 eskumen falta dira. Transferentzia Batzordea aurreko astean biltzekoa zen baina "agenda arazoak" zirela eta atzeratu zuten. 

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 06a
Angel Victor Torres eta Maria Ubarretxena, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak. EITB

Eskumenak emateko bileran hartu dute parte Eusko Jaurlaritzako Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak, eta Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministro Angel Victor Torresek. 

Ubarretxenak akordioa sinatu ondoren prentsaurrekoa egin du. Atzerritarrentzako lan-baimenen eskumena Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak kudeatuko du uztailaren 1etik aurrera. Horrek, "migratzaileen harrera-ibilbideak osatzeko eta haien integrazioa errazteko" eta "gobernuak ematen dituen egoitza-baimenak arintzeko" balioko duela adierazi du Ubarretxenak; EITBk jaso duenez.  

Eskuratuko dituen hurrengoko eskumenak Interes orokorreko aireportuen eta portuenak, enplegu-politika pasiboenak eta Gizarte Segurantzarenak direla aurreikusten du Jaurlaritzak. Eta horrela, geratzen zaizkion 25 eskumenak (aipatutako horiek barne) urte bukaerarako bere gain hartzea espero du. 

Pedro Sanchezen inbestidurarako onartutako akordioen artean kokatzen dira eskumen transferentzia hauek. Bi alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) konpromisoa berretsi zuten Eusko Jaurlaritzarako gobernu koalizioa osatu zutenean. 

Gernikako Estatuta 1979an onartu zen eta ordutik daude transferitu gabe aipatutako eskumenak.