argia.eus
INPRIMATU
Atzerritarren eskolatzeari buruzko Jaurlaritzaren txostena “osatugabea” da Gasteizko Eskola Publikoen aldeko plataformarentzat
  • EAEko atzerritarren eskolatzearen txostenak errealitatetik “ihes” egiten du Gasteizko Eskola Publikoen aldeko plataformarentzat. Txostenak, arazoa konpontzeko beharrezko diren hitz “klabeak” saihestuz, “laburbideak bilatu eta arreta desbideratzen” duela  aipatu dute Ainhoa Astigarraga eta Ruben Sanchez plataformako kideek, Hala Bedi irratian eginiko elkarrizketan.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 14a
Argazkia: @halabedi

EAE-ko hezkuntza sistemako atzerritarren eskolatzearen inguruan Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aurkezturiko txostena, “osatugabea” eta “partziala” dela adierazi dute Gasteizko Eskola Publikoen aldeko plataformatik.

Ainhoa Astigarraga plataformako kideak azpimarratu du, ikaslearen perfil sozioekonomikoaren daturik ez dela aipatzen eta arazoa konpontzeko ez direla  neurri “ausartak” eta “zorrotzak” aurkezten. Txostenak 2-6 urte bitarteko umeen datuak ez dituela aztertzen, eta horiek “segregazio egoera latzagoa” islatuko luketela ere azpimarratu du Astigarragak.

Bestalde, Ruben Sanchez plataformako beste kideak nabarmendu du, Eusko Jaurlaritzaren txostenak bigarren hezkuntzako datuak “nahasten” dituela, aurreko adin tarteetan dauden “desorekak parekatzeko”.

Ikerketak gaur egungo hezkuntza sistemaren ahalik eta irudi “positiboena” helarazi nahi duela eta jarrera horrek egoera konpontzea “ezinezko” egiten duela aipatu du Sanchezek.