Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Eskolatze Batzordeetako irizpide-aldaketak eragina izaten ari dela esan du Ikastolen Elkartean, Bilbon egindako agerraldian: “Atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea gero eta modu orekatuagoan egiten ari dira”.
Eskola segregazioari aurre egiteko ikasleen eskolatzeen inguruko “proposamen eta konpromisoak” zabaltzeari ekin eta hilabete batzuetara EAEko lehen emaitzen berri eman du Ikastolen Elkarteak. Hala, eskolatze batzordeetan ikasleak bideratzeko politika aldatzearen ondorioz, ikasturte honetan ikastola horietan atzerritar jatorriko ikasle berriak %300 gehiago izatea aurreikusi dute.
Iaz 250 ikasle berri jaso zituzten Ikastolen Elkarteko zentroek, bada ikasturte honetan jadanik 600 baino gehiago dira eta kurtsoa amaitzerako 900 izan daitezkeela uste dute: “Datuok ikusita, gure ikastoletako argazkia aldatzen ari dela ikusten dugu, eta poztu egiten gaitu, oraindik legozkigukeen kopuruetara iritsi ez garen arren”.
Zentzu horretan, “puntu beltz” batzuk ere ikusi ditu Ikastolen Elkarteak. Azaroaren 31ko datarekin jadanik 4.500 ikasle inguru bideratu zituzten eskolatze batzordeek eta deigarria egiten da Araban itunpeko sarera %10 soilik igortzea eta sare publikora berriz %91, gainera gehienak ikastetxe gutxi batzuetara. Gasteizen, adibidez, Armentia ikastolara bi ikasle baino ez dituzte bideratu, eta sare publikora aldiz 408 ikasle. “Zergatik? Guk ere galdera ikur asko ditugu”.
"Irtenbide integralak"
Hilabete guztiotan sindikatu eta eragile ugarirekin izan da elkartea, bai biltzen dituen ikastoletan, bere ustez, egin beharreko aldaketak ezagutarazteko, baita administrazioari proposamenak egiteko ere. Ondorioz, hainbat ideia argiago dituztela azaldu dute: “Herri bezala, gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugu”.
Bilboko agerraldian Eusko Jaurlaritzari eskatu diote lurraldeen artean dauden desorekak konpontzeko sor dezala Berme Batzordea, baina “hezkuntza eragile guztien parte hartzearekin”. Bestalde, Ikastolen Elkarteko ikastoletara heltzen diren atzerritar jatorriko ikasleei “erantzun egokia” emateko neurrien berri ere eman dituzte, hala nola harrera eta hizkuntza plan bana eta berezko beka sistema.