Espainiako Atzerri Ministerioak Vianako Jauregia Kazetaritza Saria sortu du, Espainiako Estatuari buruzko irudi positiboa ematen duten atzerriko kazetarientzat. Kataluniako urriaren 1eko erreferendumaren kontra erabilitako bortizkeriak nazioarteko medioetan asko kaltetu zuen Rajoyren exekutiboaren irudia eta horri aurre egiteko mugimendua dirudi.
12.000 euro jasoko ditu Espainiaren “izen ona” zabaltzen ekarpen handiena egiten duen atzerriko kazetariak. Beste 12.000 poltsikoratuko ditu prentsa idatzian Espainiaren atzerri-politikaz “artikulu onena” idazten duenak. Eta beste 12.000, kontzeptu bereko irrati edo telebista saioak saritzera bideratuko dira.
Sariek kritika gogorrak jaso dituzte berehala, tartean The Times egunkari britainiarrean Graham Keeleyk argitaratutako artikulua. Keeley da, hain zuzen, egunkari horren korrespontsala Madrilen eta argi adierazi du bere jarrera: “Espainiak ez du bere irudia hobetuko kazetariei dirua ematen” du titularra asteazken honetan publikatu duen artikuluak.
Keeleyk azaldu du kazetariek atsegin dutela sariak irabaztea: “Gure ego ahulei masajea ematen diete”. Baina kasu honetan, bere burua errespetatzen duen korrespontsal batek irabazi nahi ez lukeen saria dela adierazi du, kopuru ekonomikoa txantxetakoa ez den arren.