Higiezinen merkatuko prezioen goranzko joera eten asmoz, Kanadako Gobernuak lege bat jarri du indarrean: bi urtez atzerriko inbertitzaile eta enpresei etxebizitzak erostea debekatuko zaie, ondorioztaturik atzerriko espekulatzaileen eragina erabakiorra izan dela merkatuko prezioen gorakadan.
Urtea hastearekin batera, urtarrilaren 1ean, Kanadan indarrean dago atzerritarrei etxebizitzak erostea debekatzen dien legea. Ekainean onartu zuten legea Kanadako Parlamentuan, eta bi urtez egongo da indarrean. Tarte horretan, atzerriko enpresa eta inbertitzaileek ezingo dute etxebizitzarik erosi 10.000 biztanle baino gehiagoko eremuetan. Legeak salbuetsi egiten ditu atzerritar profil batzuk, hala nola: asilo eskatzaileak edota behin betiko bizilekua aitortua duten pertsonak, betiere etxebizitza bizitoki gisa erabiltzeko bada.
Legea indarrean egonda, aurrerakoan zigortu egingo da "kanadarra ez den norbaiti, zuzenean edo zeharka eta jakinik legeak debekatu egiten duela, etxebizitza bat erosteko aholkatu, lagundu, induzitu edo bultzatzen duena", izan norbanakoa zein erakundea. Zigorra 10.000 euro artekoa izan daiteke. Legea urratzen duena, aldiz, etxebizitza saltzera derrigortuta egongo da, gobernuak erabakitako baldintzetan.
Neurria aplikatzearen arrazoia higiezinen merkatuan prezioek izandako gorakada da, eta legearen bitartez prezioen goranzko joera eten nahi dute. Justin Trudeau lehen ministroaren alderdiak atzerriko inbertitzaileak ditu arazoaren jatorritzat. BBCk jaso duenez, iazko hauteskunde-kanpainaren webgunean hala adierazi zuten: "Kanadako etxeak erakartzen ari dira atzerriko inbertitzaileak, korporazio aberatsak eta espekulatzaileak". Legeak ez ditu barne hartzen kanadar jatorriko inbertitzaileak ordea, eta hortaz, ez dizkio ateak ixten herrialde barruko espekulazioari.