argia.eus
INPRIMATU
Atzerriko euskal dirua berreskuratu dezagun
  • Bizkaiko Foru Aldunditik honako informazio ofiziala helarazi dute: 11.000 herritarrek baino gehiagok atzerrian 1.500 milioi euroko kontu korronteak dituzte, 50 bat herrialdetan utzita, tartean Andorra, Bahamak, Jersey, Kaiman Uharteak eta Panama. Suitzan bakarrik 600 milioi euro daude. Bizkaiko 400 zergadunek kontuak irekita dituzte AEBetan, eta 250 higiezin daude atzerrian bizkaitarren izenean.

Juan Mari Arregi 2020ko urtarrilaren 16a

Ez ditugu Euskal Herriko gainerako lurraldeen datu ofizialak ezagutzen. Bizkaikoetatik ondoriozta genezake atzerriko gordailuetan dagoen euskal herritarren dirua, 3.000 milioi eurotik gorakoa izan daitekeela.

Gauzak horrela, euskal zerga-agintariek kontu eta higiezin horietako bakoitzaren ikuskapena egin behar lukete –dagoeneko oso datu garrantzitsuak baitituzte–, eta iruzur fiskal baten parte direnak pertsegitu. Era berean, egoera honek gardentasun handia eskatzen du. Iruzur egiten duten pertsonen eta sozietateen izena ere ezagutu beharko luke euskal gizarteak.

Edozein zergadunek bere aitorpenean datu ekonomiko txikiren bat ezkutatzen duenean, haren atzetik ibili ohi dira. Espero dezagun lupa bera jartzea atzerrian dauden euskal kontu korronte eta higiezin horiengan. Eta, batez ere, inori ez zaiola bururatuko amnistia fiskalera jotzea. Pentsio baxuak osatzea, pobrezia murriztea, desberdintasuna desagerraraztea, gure egoitzak hobetzea, elkartasun politikak mantentzea… horrek guztiak finantziazioa behar baitu. Iruzur egindako eta berreskuratutako diru hori ere ongi etorria izango da horretarako.