argia.eus
INPRIMATU
Atzerapena Zubietan: FCC eta Urbaserren artean Cespak ere muturra sartu nahi du
  • Zubietako erraustegiaren obrek erritmo onean jarraitzen duten arren, 300 metro urrunago biometanizazio eta eskorien tratamendurako eraiki beharreko azpiegiturak hasi barik egongo dira ondoko hiru hilabeetetan gutxienez: FCC eta bere taldeari GHK-k 20 urterako egindako esleipenari helegitea jarri dio orain arte Zubietako opilaren banaketan esku hartzen ez duen taldeak, barnean Cespa eta Campezo dituenak.

Zero Zabor @zero_zabor 2018ko ekainaren 13a
Zubietako erraustegiaren obrak ekain hasieran; 300 metrora eraiki behar diren biometanizazio eta eskorien tratamendurako plantak daude orain auzitan. (Argazkia: GHK)

"Urbaser eta FCC Zubietako pastela banatzen: inork ez ditu ikertuko -%25eko beherapen susmagarriak?" idatzi zuen ARGIAk apirilaren 26an, jakin berri zelarik GHK partzuergoak erraustegiaren bigarren faseko azpiegiturak –hondakin organikoarentzako biometanizazio planta eta erraustegiak sortuko dituen eskorien tratamendua egingo duena– eraiki eta 20 urtez kudeatzea esleitua ziola FCCri eta bere taldeari (Urbycolan, Garrai, Biergrim, Ecofert Sansoain eta Valorización y Tratamiento de Residuos S.A.).

Ikerketa kazetaritzan erreferenteetako bat den Igor Meltxorrek iradokiak zituen esleipen hartako irregulartasun larri zenbait:

 

Egunotan zabaldu denagatik, ezin esan oraindik inor hain sakon ikertzera ausartu denik, baina lehiaketan bitan galtzaile geratutako taldeak erabakia eraman du Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratu aferak argitzeko daukan barne auzitegira. Ikusi beharko da aurrerago joateko lehen urratsa den ala bere horretan agortuko den, beste askotan gertatu bezala.

Diario Vascok aurreratu duenez, Cesparen –Ferrovial taldearen konpainietako bat– taldeak uste du lehiaketa erabakitzeko azken puntuazioetan oso tarte txikia zegoela bere eskaintzen eta FCCrenaren artean. Barne auzitegi honetan erreklamatzeak automatikoki dakar esleipena paralizatuta geratzea; gauza bera gertatu zen oraingo fasean irabazlea den FCCk lehen fasean –erraustegiaren eraikuntza eta kudeaketa– galtzaile izanik kexua aurkeztu zuenean obra Urbaserren taldeari eman ziotelako. Aldiz, behin Foru Aldundiak erbakia berretsitakoan, auzitegietara joz gero obrak ez lirateke geldituko.

Kontua da bi faseen esleipenetan paralelismo bitxia gertatu dela. Lehen fasean, erraustegia nori eman epaimahaiak oso puntuazio tekniko paretsuarekin erabaki zuen, baina proposamen ekonomikoan zegoen mamia: Urbaserrek eskaini zuen operazioa %25 merkeago egitea FCCk baino. Askok galdetu zuen, orduan, ea ez ote den susmagarria halako merkealdizko prezioa, ea gertatuko den –administrazio publikoetan epidemia ustela den moduan– denborarekin diferentzia hori berdintzea ezusteko gastu eta inbertsio berriekin.

Gero, bigarren fasean, gauza bera egin du lehengo galtzaile eta demandatzaileak, FCC: %23 merkeagoko eskaintza luzatu. Eta GHK-ko politikariek onartu, gainera. Saltsa hori inork ikertuko ote du? Cespa edo Campezo horretaraino iritsi daitekeenik ezin da pentsatu. Espainian hondakinen merkatua konpainia handienen artean  adostuta elkarbanatzen dutela aspaldiko kontua da, auzitegiek isun handiz zigortua dute lehen ere Urbaser, ACS, FCC eta abarrez osatutako cartela, eta negozioa horrela antolatuta dagoenean, inor ez da ausartuko mahai azpiko trapuak ateratzera. Izatekotan ere, enbidoren bat jo mahai gaineko opilaren banaketan zati handixeagoa eskatzeko.