argia.eus
INPRIMATU
Atzerantz ala aurrerantz matxinatu?
Imanol Satrustegi Andrés 2023ko urriaren 04a

Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik pasatakoak garenez horien aldarriak eta programak ulertzen ditugu, arrazionalak egiten zaizkigu; Ilustrazioaren seme-alabak baikara azken finean.

Baina aro aurreindustrialeko gatazkatan zaila izaten da geure burua kokatzea eta ikuspegi horiek konpartitzea; izan ere, ez baitago argi garai hartako protesta eta erresistentzia mugimendu errebeldeek programa kontzienteak garatzeko gaitasunik ba ote zuten. Gauza al ziren etorkizunean erregimen alternatiboak imajinatzeko, hots helburu utopiak proiektatzeko? Ez dago batere argi.

Ikuspegi klasikoenaren arabera, Erdi Aroko eta Aro Modernoko errebolta gehienek izaera atzerakoi edo kontserbadorea zuten. Hau da, oro har, ez zuten feudalismoa abolitu edo monarkia desagerrarazteko borondate argirik. Haien mundu ikuskeraren arabera, feudalismoa ordena sozial justua zen, non estamentu bakoitzak zeregin bat betetzen baitzuen. Matxinadak, beraz, gertatzen ziren jaun nobleek edo hirietako patrizioek gehiegikeriaz jokatu eta ordena sozial hura urratzen zutenean. Errebolta horien helburua aurreko egoerara itzultzea zen; justutzat zeukaten ordena sozial hori berrezartzea, alegia. Errua ez zen izaten monarkiarena edo sistema feudalarena, jaun noble edo handiki konkretuena baizik. Are gehiago, sarri, Erregearengana jotzen zuten laguntza eske, aurreko egoera berrezar zezan. Konparaziora, Frantziako Grande Jacqueriean (1358) zein Ingalaterrako Wat Tyleren altxamenduan (1381) herri-xeheak ez zuen Erregea egoeraren erantzuletzat hartu, haren aholkulariak eta nobleak baizik; eta XVII. mendeko matxinada antifiskaletan, “Biba Erregea! Behera gabela!” edo “Biba Erregea! Behera gobernu txarra!” bezalako leloak oihukatzen zituzten, esate baterako, Napoliko (1647) edo Frantzia hego-ekialdeko croquantsen altxamenduetan. Erregea edo sistema ez zuten zalantzan jartzen, soilik kritikatzen zituzten gehiegizkoak iruditzen zitzaizkien zergak (gabela) edo zerga-biltzaileak.

Alabaina, autore batzuen ustez salbuespenak badaude, uste baita matxinada edo errebolta aurreindustrial batzuetan programa eraldatzaileen edota aldarrikapen antisistemikoen frogak egon daitezkeela. Horren etsenplu modura jartzen dira, Jainkoaren Erresuma (hots, paradisua) lurrera ekarri nahi zuten Erdi Aroko heresia erlijiosoak, Gaztelako Komunitateen Gerra (1520-1522) zein Ingalaterra Iraultzan (1642- 1651) parte hartu zuten Diggers eta Levellers mugimenduak.

Eztabaida mahai gainean dago. Eric Hobsbawmek, esaterako, planteatu zuen erresistentzia mugimendu batzuen izaera «ez-kontzientea» Aro Garaikidera arte luzatu zela, batik bat nekazal-gizarte atzeratuetan. Baina Ramachandra Guhak hori bera kritikatu zuen Indiako nekazarien matxinadak aztertzerakoan. Halaber, kontuan hartu behar da aro aurreindustrialean herri-xehearen gehiengoa alfabetatu gabekoa zela eta idazkerarik ezean iturrietan arrasto txikia utzi zuela. Ondorioz, ahotsik gabekoak izaki, haien aldarriak zeharka baino ez zaizkigu iritsi.

Hau guztia, egungo gizarte-mugimenduen inguruan hausnartzeko baliagarria izan daiteke: Ongizate estatu idealizatu hura berreskuratzeko ahaleginean iltzatuta jarraitzen dugu ala kapitalismorik gabeko gizartea imajinatzeko gai gara?