argia.eus
INPRIMATU
Atzera pauso bat Japonian: genero bereko ezkontzak ez dira legezkoak
  • Tokioko epai batek asteazkenean berretsi du ezkontza horiek debekatzea ez dela legez kanpokoa, ezkontzaren definizioan ez baitira sartzen. G7ko herrialde bakarra da genero berekoen arteko ezkontzak onartzen ez dituena.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2022ko abenduaren 01
Salatzaileak Sapporoko epaitegi parean, 2021ean epaia irabazi zutenean.

Japonian legezkoa da genero bereko pertsonen arteko ezkontzak debekatzea; horixe berretsi berri du Tokioko epaimahai batek. Bigarrenez eman dute horrelako epai bat herrialdean, 2022ko ekainean ere horixe ebatzi baitzuen beste epaimahai batek. Epaiak zortzi pertsonaren salaketan du jatorria, genero berekoen arteko ezkontza galarazi baitzieten; konstituzioaren aurkakoa zela salatu zuten. Bi epaiek, ordea, ondorioztatu dute Japoniako konstituzioak ez dituela urratzen ezkontideen eskubideak, konstituzioak ezkontza “bi sexuen arteko batasuna” bezala definitzen duela argudiatuta.

Genero berekoen arteko ezkontzak ez onartzea ez da legez kontrakoa, legeak berak ez dituelako ezkontza bezala definitzen. Horixe da Japonian gertatu dena. Kasuak arnasa luzea izan du, 2019an jarri baitzuten zortzi ezkontideek salaketa, eta 2021eko martxoan Sapporoko auzitegiak beraien alde egin zuen. Baina beste bi epaiek arrazoia kendu diote. Izan ere, Japonian, ezkontzaren definizioaren barruan daude beste zenbait kontu, ez soilik ezkontza bera: oinordekotza, fiskaltza kontuak, seme-alaben zaintza eta beste. Genero bereko bikoteen kontuan, gobernuak ulertzen du ez direla bermatzen elementu horiek; eta, beraz, ez ditu ezkontza gisa ulertzen. Gobernuak ez du testua moldatzeko asmorik adierazi.

Epaiak atzera pausoa dakar Japoniako eskubideen zerrendara, are, atzerakoi irudia bereganatu lezake: G7ko –Alemania, Kanada, AEB, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Japoniak osatzen dute– estatu bakarra da ezkontza horiek onartzen ez dituena. Era berean, epaiak badakar beste kontraesan bat Japoniak nazioartean zabaldu duen irudiarekiko: herrialdeak fama aski zabala du errespetuan oinarritutako kulturarena, atzerritik heldutako edonoren kultura onartu eta errespetatuko duenarena. Etxe barruko kontuetan, ordea, erakutsi du ez dela horren aurrerakoi eta adeitsu: kontserbadurismoak pisu handia izaten jarraitzen du.

Adibide bat gehiago

Munduko argazkiari begiratuta, Japonia ez da salbuespena: Taiwan izan da Asiako lehen herrialdea genero berekoen arteko ezkontza onartu duena, 2019an. Baina bestelako kasuak ere badaude, zeintzuetan ez den derrigorrezkoa ezkontza debekatzea, genero bereko jendearen arteko harremanak ez baitira “existitzen”, ez behintzat, bizitza publikoan. Errusiako kasua da hori: 1993ra arte “homosexualitatea” delitu zen, eta egun, 2013tik, “propaganda” egitea dago zigortuta. Alegia, genero bereko bikoteak kalean publiko egitea. Beraz, ez da delitua, baina ezta legezkoa ere.

Horrela, beste herrialde asko daude. Afrikan 30 herrialdetan dago debekatuta; ezkontzen inguruan ez dago eztabaidarik ere. Hegoafrika da salbuespena: 2006an baimendu zuen ezkontza. Bestalde, Ekialde Hurbilean, ezagunak dira Saudi Arabiako edota Arabiar Emirerri Batuetako heriotza zigorrak.