Autopista elektrikorik ez! plataformak larunbatean Iruñean emandako prentsaurrekoan jakinarazi du atzera bota dutela Itsaso eta Deikaztelu batzen dituen tentsio handiko linearen eraikuntza.
Iturri fidagarrietatik jaso dute albistea, Espainiako Gobernuaren Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendaritzak modu ofizialean jakinarazi baitie hori. Plataformak esan du erabakiak 2011tik defendatzen dituzten argumentuak berretsi dituela, eta azpiegituraren aldeko arrazoibideen funts falta agerian geratu dela.
Azken urteetan ekimen ugari egin dituzte erabaki hori lortzeko: 14.000 helegite inguru jarri dizkiote proiektuari, ehun Udalek baino gehiagok egitasmoa eraikitzearen kontrako mozioak onartu dituzte eta herri galdeketa ugari antolatu.
Ez da geldiaraztea lortzen duten lehen tentsio handiko linea, 2011n ere lortu baitzuten Gasteiz-Muruarte linea bertan behera uztea. Hala ere, Espainiako Energia Sareko buruek erretiratutako proiektuaren ordez beste bat aurkeztuko dutela uste dute, eta adierazi dute jada hasi dituztela horren kontra egiteko lanak.
Plataformatik kritikatu dute Nafarroako Gobernuak ez duela gaiari buruzko adierazpenik egin azken bi urteetan, eta konpromisoa eskatu diote gobernuari eragindako udalei eta herritarrei babesa emateko.