argia.eus
INPRIMATU
Atzera bota dute Enkarterrietako zentral eoliko baten proiektua, sai zuria babesteko
  • Espainiako Trantsizio Ekologikoko Gobernuak ez dio baimenik eman Muskiz, Abanto-Zierbana eta Castro Urdiales artean egitekoak ziren zentral eolikoaren proiektuari, ingurumen kalte larriak eragingo lituzkeelako. BirdLife Espainiako Ornitologia Elkarteak jadanik eskaturik zuen eolikorik ez jartzeko eremu horretan, sai zuriarentzako funtsezkoa delako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko otsailaren 15a
Sai zuria gure zeruetan dabilen hegazti handienetako bat da, bioaniztasunarentzat funtzio garrantzitsua betetzen du eta mehatxaturik dago (argazkia: BirdLife / Bruno Berthemy)

Guriezotik hasi, Castro Urdiales igaro eta Abanto-Zierbenaraino 22 kilometroko energia instalazioa eraiki nahi zuen Green Capital Power enpresak Bizkaiko Enkarterrietako eta Kantabriako kostaldeko mendizerra garrantzitsu batean, Maya izena emanik. Baina Espainiako Trantsizio Ekologikoko Gobernuak atzera bota du eskaria, hango faunari eragingo liokeen kalteagatik.

Ministerioak urtarrilaren 30ean argitaratu zuen ingurumen baimenari ezezkoa ematen dio agindua Espainiako Aldizkari Ofizialean. Zehazki dio mehatxaturik dauden hainbat hegaztiren habiak eta koloniak daudela bertan, besteak beste sai zuria, sai arrea eta belatz handia. Sai zuriaren kasuan "zaurgarri" moduan dago katalogatua eta Kantabriara urtero iristen diren hegazti migratzailearen bikoteetatik %20 zentral eolikoa eraiki nahi zen tokian bertan dute habia.

Green Capital Powerrek 15 haize errota erraldoi jaso nahi zituen bertan, 90 metroko garaierakoak, 51,9 megawatioko potentziarekin, eta horretarako 52,7 milioi euro gastatu behar zituen. Zentralak 22 kilometroko ebakuazio lerro bat ere aurreikusten zuen mendizerran barrena.

Bizkaiko Aldundiak ere ez zion ingurumen baimen bateraturik eman proiektuari, sai zuriari ez ezik, inguruko kobetan bizi diren saguzaharrei eta beste hainbat hegazti eta animaliari kalte larriak eragingo lizkiokeelako.

BirdLife Espainiako Ornitologia Elkarteak 2021ean jadanik eskaturik zuen zentral hori ez egiteko "babesturik dauden hango hegaztientzako jasanezina litzatekeelako".