argia.eus
INPRIMATU
Atzera bota du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Abortuaren Legearen aurka PPk aurkeztutako helegitea
  • PPk aurkezturiko helegitea ez du onartu auzitegiak: zazpi magistratuk babestu dute 2010eko Abortuaren Legea eta lauk eman dute kontrako botoa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko otsailaren 09a
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa burutu zuten milaka lagunek Iruñean 2014an (Argazkia: Dani Blanco)

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du onartu PPk jarritako helegitea, eta hori horrela, aitzina segitzen du 2010eko legeak.  Zazpi magistratu kokatu dira legearen alde, PPren helegitearen aurka bozkatuz, eta lauk eman dute kontrako botoa.

2010eko legearen arabera, abortua librea da haurdunaldiaren 14. astera arte, eta 14. astetik 22. astera, haurdunaren bizia edo osasuna arriskuan badaude edo fetuak anomaliaren bat badu. Bizitzarekin bateraezinak diren gaixotasun sendaezinak edo malformazioak topatuz gero, ez dago eperik abortatzeko (azken kasu horretan, sendagile batzorde batek aztertzen du aukera). Epeen sistema hori baliogatzea zen PPren asmoa, baina horren aurka kokatu da Espainiako Auzitegi Konstituzionala.

Epeez gain, adingabeen auzia ere eztabaidagai jarri du PPk bere helegitean: 16 urtetik aurrerakoek gurasoen baimenik gabe abortatzeko modua dakar legeak (adingabeen gurasoei abortuaren berri eman beharrarekin). Hori ere onetsi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.