argia.eus
INPRIMATU
Atzean geratu dira albistegiak
Behe Banda 2024ko abuztuaren 26a

Haurra nintzenean, etxean ohitura zen arratsaldeko zortzietan egiten ari ginen hori albo batera utzi, telebista piztu eta ETB1eko albistegia ikustea. Hasieran sekulako amorrazioa sentitzen nuen gaueroko kate aldaketa bidegabe horien aurrean, eta gurasoei galdetzen nien ea nola zen posible Disney Channel-en Violetta eta Clan-en Winx Club egonda albisteak entzun nahi izatea, ea nola zen posible hitz konplexuak erabiltzen zituen aurkezle aspergarri baten diskurtso aspergarriarekin ez aspertzea. Ahoa itxi eta titularrak entzuten utz niezaien esaten zidaten gurasoek.

Entretenimendua eta plazera besterik ez omen da telebista, baina programa aspergarri hartan kontatzen zirenak ulertzen joan ahala, munduko gaitzen erakusleiho ere bihurtu zen niretzat. Zortzietako albistegian entzun nituen lehenengo aldiz krisi edo minbizia gisako hitzak, eta modu berean ohartu nintzen aurkezleak tonu arraroan aipatzen zituela Olentzeroren inguruko kontuak, gezurretan ariko balitz bezala. Gerra ere albistegietan ikusi nuen lehenengo aldiz: bonbak, tankeak eta pertsonak negarrez.

Gogoan dut nire orduko bizimodu itxuraz perfektuan kontraesan handia suposatu zuela gerra telebisatuak, gainontzekoen sufrimendurako behatxulo hark. Zalantzek loa lapurtzen zidaten sarri: zergatik sortzen da gerra bat? Zertarako balio du? Non egin? Noiz? Nola? Nor nork hil? Nork nori zer? Nor nori nork? Galdera gehiegi eta ezinegon sentipen arrotza gorputzean.

Dena den, munduaren funtzionamenduaren inguruan inori lezioak ematen hasi baino lehen, ezinegon sentipenean zentratu nahiko nuke, eta zehazki, horren absentzian. Azken urteotan hiriak bonbardatu dituzten zehaztasun berdinarekin bonbardatu dizkigute pantailak gerraz, miseriaz eta genozidioz. Atzean geratu dira albistegiak. “Hartu”, esan digute: “Hona hemen sarraskia minutura heltzen ez den Instagrameko reel batean”. Aquariumean arrainak ikusten diren moduan ikusi ditugu giza jokaeraren adierazpenik bortitzenak, inozo aurpegiaz, eta jada ezin jakin kristal mardularen atzekoak zer duen gizatiarretik, zer duen guretik.

Kontzientziaren higatze etengabea, haien borrokak gureak ere badirela ahaztu arte. Informazioaren aitzakiapean ezkutaturiko banalizazioa, eta ezinegon sentipen horren arrastorik ez bat-batean.

Hori da, hain zuzen ere, gehien haserrearazten nauena: arreta deitu beharko ligukeen gauza ororen normalizazioa, tragediaren ezereztea gure begien aurrean. Txikitan benetako beldurra eta kontzientzia karga sentitzen nituen albistegiei begira, baina orain badirudi geure barrenak miatzen ibili behar dugula geratzen zaigun azken enpatia zantzuaren bila. Eta adi, ez da nire edo zure arazo partikularra: oso zail jarri digute gainontzekoengatik sufritzea, eta beraz, borrokatzea.

Uste dut zutabe hau erresistentziarako dei bat baino ez dela, erregu bat geure buruei, eta neureari bereziki, ohar gaitezen iruditegi birtual horren atzean hezurra eta haragia dagoela, ez dela pelikula soil bat, eta bereziki, gauzak aldatzen saiatzeak merezi duela.

Utz diezaiegun tarteka zalantzei loa lapurtzen.