argia.eus
INPRIMATU
Mediterraneoan hildako herritarren senideekiko Atxondoko Udalak izan duen jarrera salatu dute
  • Urriaren 14an Atxondoko hiru herritarren zazpi senide hil ziren, Cadizera bidean zirela itsasoan hondoratu ostean. Atxondoko Harrera Herriak gertakarien aurrean udalak izandako jarrera salatu du.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko urriaren 29a
Itsasoan hildakoak oroitu eta gertakaria salatzeko Atxondon egindako ekitaldiaren una bat.

Urriaren 14an Cadizera (Andaluzia) iritsi asmo zuen ontzi bat hondoratu zen Trafalgarreko lurmuturraren inguruetan. 28 pertsona zihoazen barruan, eta horietako hiru soilik erreskatatzea lortu zuten. Itsasoan itotako hamar pertsonaren hilotzak aurkitu zituzten, eta horiek identifikatu ondotik, zazpi Atxondoko herritarren senideak zirela jakin zen. "Urperatutako patera horretan gure herritarrak diren Bilal, Soufiane eta Sadiken familiek zazpi pertsona galdu dituzte; bost lehengusu, emazte bat eta bost urteko semea", jakinarazi zuen Atxondoko Harrera Herriak gertakarien aurrean publiko egindako oharrean.

Testuinguru horretan, urriaren 17an herriko alkatearekin harremanetan jarri zirela jakinarazi du Atxondoko Harrera Herriak. Hark informazioa idatziz pasatzeko eskatu ziela azaldu dute, eta biharamunean, urriaren 18an, urgentziazko osoko bilkura egiteko formularioa bete zutela, egoera kudeatzeko helburuarekin. Halakorik gauzatu ez zenez, EH Bilduk ogasun batzordeak biltzeko eskatu zuen. Azkenik, udalak bilera egitea proposatu zien bai Harrera Herriari zein EH Bilduri.

Bileran hitz egindakoen inguruan udalak egindako kontakizunarekin haserre agertu da Harrera Herria. Urriaren 29ko ostiralez publiko egindako oharrean gezurtatu egin dute 21.000 euro eskatu izana udalari. “Aipatu genien gorpu bakoitza aberriratzeak 3.000 euroko kostua zuela eta Harrerako zazpi senide hil zirenez gastua oso handia izango zela, guztira 21.000 euro, baina Atxondo Harrera Herritik ez genion inolaz ere udalari diru hori aurreratzea eskatu”. Kostu horien aurrean udalak zein jarrera hartuko zuen galdegin besterik ez zutela egin adierazi dute, eta jasotako erantzuna larrialdi sozialetarako diru partidatik 1.000 euro emango zituela izan zela. Harreratik uko egin zioten horri, ulerturik “herrian badaudela, zoritxarrez, diru hori beharko duten pertsonak”.

Gainera, azaldu dute hasieratik helarazi zitzaiola udalari diruaz gain behar handiagoak zituztela: “Instituzioetara jotzeko guk, herritarrok, baino ahalmen handiagoa dute politikariek eta horren beharra genuen; ateak jo, mugimenduak egin eta oztopoei aurre egitea”. Zentzu horretan, Atxondoko EH Bilduk ere prentsa oharra plazaratu zuen asteazkenean, udalaren “inmobilismoa” salatuz. “Udalarentzat maila ezberdinetako herritarrak daude eta horrela jokatzen dute”, gaitzetsi du koalizioak.

Atxondoko Harrera Herriak ez du haserrea agertu soilik udalaren irakurketarekiko. Udalaren jarrera salatu nahi izan du, orokorrean. Gaitzetsi egin du Cadizko gertakariaren aurrean egindako lehen adierazpen publikoak urriaren 27an egin izana, eta baita adierazpen horietan esandakoak ere. Udalaren oharrean ondokoa irakur zitekeen: “Gogoan izan behar da Atxondoko Udalak bi urte daramatzala bizilagun horiek bizi diren etxebizitzaren gastuak ordaintzen, hala nola argia eta mantentze-lana”. Atxondoko Harrera Herriaren begietara, halako adierazpenek “migratzaileenganako mespretxua eta gorrotoa” sustatu besterik ez dituzte egiten, eta udalaren hitz horiei erantzunez adierazi dute Atxondoko Harrera Herriko eraikina herriarena dela eta hornidura eta mantenu gastuak herriak ordaintzen dituela.

Herriari eskerrak

Erakutsitako elkartasunagatik eta eskainitako laguntzagatik Atxondoko herriari eskerrak eman dizkiote. “Udala ‘goragoko instantzietan, hala nola Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan, enbaxadan eta Gurutze Gorrian’ laguntza bilatzen aritu den bitartean, Atxondo Harrera Herriak, atxondotar eta Durangaldeko herritar askoren eskuzabaltasunari esker, hiru gorpu aberriratu ditu jada sorterrira. Gure etxeko senideen beste gorpuekin berdina egiteko asmoa dugu”, adierazi dute.