argia.eus
INPRIMATU
Israelek 96 ordura luzatu du atxilotuek epailea ikusi aurretiko aldia
  • Israelgo Parlamentuak 96 ordura luzatu du atxilotuek epailea ikusi aurreko aldia. Israelgo zerbitzu sekretuen galdeketa departamentuko buru Shin Betek erabakia justifikatu du, esanez “susmagarria galdeketatik ateratzeak ikerketa guztiz kaltetu” dezakeela.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 30a
Gazte palestinar bat protesta batean atxilotua (Argazkia: AFP/Hazem Bader)

“Salbuespenezko kasuetan” eta “biziak jokoan daudenean” soilik erabiliko duten klausula dela azpimarratu du Betek. Aplikatutako kasuetan, epaileak onespena eman beharko du, eta atxilotuari apelazio eskubidea mugatuko zaio.

2006an urtebeterako onartu zen lehen aldiz antzeko neurria. Ordutik, urtez urte luzatu dute, eta aurten gainera, gogortu egin dute.

Parlamentuan herritar palestinarrak ordezkatzen dituen Balad alderdiko Yamal Zahalka kontra agertu da. Bere ustez, “dokumentua bere osotasunean giza eskubideen kontrako erasoa da”.

Azarotik hildakoak utzi dituen lehen aireko erasoa

Israelek gaur goizean Gazan egindako erasoak hildako eta zauritu bana utzi ditu. Azarotik aire erasoek ez zuten inor hiltzen, baina oraingoan bai.

Haitham Masshal zen erasoaren helburua. Gazan Osasun Ministeritzaren bozeramaileak esan duenez, polizia zen. Israelgo gobernuak berriz, “suziriak egiten zituen jihadista” gisa deskribatu du hildako pertsona.