argia.eus
INPRIMATU
Atxilotu bat eta hainbat zauritu Getxon, Nagusien Etxea eta Gaztetxea izandako eraikinaren eraistea galarazteko protestetan
  • Getxoko Erromo auzoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakia eraisteko lanak hasi dituzte, eta herritarrak protestan ari dira goizean goizetik, eraisketa gelditzen saiatuz. Eraikina Ibar Nagusien Etxea eta Gaztetxea zen harik eta udalak kanporatu zituen arte, eta hainbat dira eraikina eta ematen zitzaion erabilera mantentzearen aldekoak. Polizia oldartu egin zaie protestan ari zirenei, eta oldarraldian pertsona bat atxilotu eta hainbat zauritu dituzte, tartean Hiruka hedabideko kazetaria.

Amaia Lekunberri Ansola 2023ko otsailaren 14a
Argazkia: Hodei Torres / Hiruka

Getxoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakiko eraikinaren eskumena Getxoko Udalaren eskuetatik Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetara pasa zen otsailaren 7an. Iraganean Ibar Nagusien Etxea, Gaztetxea eta Euskaltegia izandakoaren tokian Belaunaldien Arteko Zentroa eraikitzea da asmoa, nahiz eta hainbat diren erabaki horrekiko desadostasuna agertu duten herritarrak. Getxoko Ibar Nagusien Etxeko kideak, adibidez, urteak daramatzate beren aterpea defendatzen; ARGIAren 2.794 zenbakian jazo genuen borroka luze horren berri, baita egoera zertan zen azaldu ere. Urrian argitaratutako erreportaje horretatik egoera aldatu da, eta otsailaren 14ko asteartez herritarrak protestan atera dira, eraikina eraisteko lanak eteteko helburuarekin.

Astelehenean Azpiegiturak enpresako langileak Lope de Vegako eraikinean lanean hasiak zirela oharturik, astearte goizean goizetik lanak oztopatzen saiatu dira dozenaka herritar. Bertatik bertara jarraipena egiten ari da Hiruka, eta emandako informazioaren arabera 08:30etan eserialdia hasi dute protestan zirenek, langileei eraikinera sarbidea oztopatzeko. "Ertzaintza agertu denean, baina, protestaren kontra oldartu, herri-harresia desegin eta beharginen sarrera bermatu dute agenteek, 10:00ak alderako", informatu du tokiko hedabideak.

 

 

Horrek giroa tenkatu du, eta protestan ari zirenak inguruko burdin-hesien kontra kolpeka hastearekin batera, Polizia oldartu egin zaie. Hirukak argitara emandako informazioaren arabera, oldarraldi horretan hainbat pertsona zauritu ditu Poliziak, hedabideko argazkilaria tarteko, eta pertsona bat eraman dute atxilotuta.12:15 aldera informatu dutenez, istiluen aurkako poliziek kalea moztu dute. 

Belaunaldien arteko zentroaren proiektuari argi berdea

Abuztuaren 17an abiatu zituen Getxoko Udalak eraikina eraisteko lanak, baina Ibar Nagusien Etxeko kideek erabateko zuhurtziazko neurriak eskatu ondotik, egun horretan bertan eman zuen Bizkaiko epaitegiak eraiste lanak gelditzeko agindua. Alabaina, urtarrilean indarrik gabe utzi zuen agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak. Urtarrilaren 11n eman zuen horren berri Hirukak, eta ordurako egina zuten otsailaren 12ko manifestazio deialdia eraikina mantentzearen aldeko herritarrek.

Deialdiarekin bat egin zuten hamarnaka pertsonak, eta erantzuna ikusirik, hala adierazi zioten deitzaileek Hirukari: “Berriro ere, argi geratu da auzoa eraikin hauen kontserbazioaren alde dagoela, Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak behin eta berriz hori ukatu duten arren”. Deialdia baliatu zuten udal gobernuan diren EAJri eta PSE-EEri berriz eskatzeko eraikina manten dezaten, baina udalak bere asmoekin aurrera segi du.

Lope de Vega kaleko eraikinaren tokian belaunaldien arteko zentro bat eraikitzea da Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa. Hirukan jasoa dagoenez, proiektuak mendekotasuna duten adinekoentzako 100 plaza eta gazteentzako 40 udal- bizitoki aurreikusten ditu, eta udalaren arabera, eraikinaren beheko solairuan 283 metro koadroko lokal bat egongo da, auzoko adinekoen elkartea etorkizunean bertan birkokatzeko.