30 urteko gizon bat atxilotuta daukate Parisen hiru ekintzaile kurduak tiroz hil zituelakoan. Titular hori topatu dugu nazioarteko prentsan. Baina batean eta bestean gizon hau nor izan daitekeen aztertzen hasita, ezer garbirik ez da argitaratu. Frantziako AFP agentzia izan da albistea zabaldu duena, eta bertan diote kurdua dela, PKKko kide izan zela bi urtez, eraildako hiru emakumeetako baten gidaria zela eta bolbora arrastoak topatu diotela boltsan.
Ikerketaren arduradunak prentsaurrekoa eman du astelehenean, eta adierazi du ikerketa oraindik zabalik dela. Bi pertsona atxilotu zituzten lehengo astean heriotzen arduradunak izan zitezkeelakoan, baina bat askatu egin zuten gerora. Hala ere, ADN frogak eginda, atentatuaren unean pertsona bat baino gehiago egon zitekeela uste du poliziak.
Turkiak jarraitzen du esaten PKKren barne istiluen ondorio direla hilketak. Kurduek ordea, turkiar ultra-nazionalistak ikusten dituzte atentatuaren atzean. Atxilotua hiltzaileetako bat izan zela uste duela adierazi du Francois Molins Parisko polizia buruak.
Atxilotu hau kurdua den edo ez da orain desadostasun nagusia. BBCn eta hedabide nagusietan bere jatorri kurdua nabarmentzen duten bitartean, ActuKurd eta Firat guneek kotrakoa nabarmendu dute, alegia, turkiarra dela. Webguneok salatu dutenez, bi atxilotuak kurduak direla ari da zabaltzen, inongo zehaztasunik eman gabe beren jatorri eta iraganari buruz. Parisko komunitate kurduak ez dituztela ezagutzen ere gehitu dute, eta honek zaildu egiten duela hauen iraganari buruzko datuak lortzea.
AktuKurd gunean irakur daiteke susmagarriaren osabak ukatu egin duela bere iloba sekula PKKn sartuta egon denik, eta hala adierazi diola Turkiako CNN telebista kateari. “Ez bera eta ez gu, ezin gara PKKkoak izan; ez dugu ez sinpatiarik ezta gertutasunik ere erakunde honekiko”, esan du osabak.
Ikusi beharko da hau guztia nola amaitzen den eta ea sekula hiru ekintzaile hauen heriotzaren atzean zer dagoen jakiten dugun. Oraingoz ezer garbirik ez.
Artikulu hau Lander Arbelaitzen Taupadak blogean argitaratutakoa da. Bertan estaturik gabeko nazioei buruzko informazio gehiago topatuko duzu.