argia.eus
INPRIMATU
Atxiloketen miseria
  • ETA ez da jadanik arazoa. Duela lau urte bazen, dagoeneko ez, hedabideetako tituluak ikusita kontrakoa ematen badu ere. Sasoi bateko ETAko buruzagitzaren aurkako sarekada bat gehiago ematen du honek, eta hala saldu nahi da agian, baina jadanik ez da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko irailaren 23a

Eta ez ETAko buruzagiak atxilotu ez dituztelako, ETA jadanik ez delako talde armatu hura baizik. Haren hondarrak geratzen dira, gero eta hondarrago.

Miseria da, ETAren egoera hori gatazkaren irteera ordenatua behingoz bideratzeko baino, egoera horri errentagarritasun politikoa ateratzeko baliatzen delako. ETA urteetan erabili izan da Espainian etekin politikoa ateratzeko, eta ETAren amaiera ere hala ari da erabiltzen, orain PPren eskutik.

Miseria da ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik lau urte iragan direnean, elkarrizketa eta bizikidetzan beharrean oraindik indarra halako atxiloketetan jartzea.

Miseria da euskal gizartean gatazkaren konponbidea lozorroan uztea, zeregin kolektibo gisa hartu eta bultzatu ordez, konponbidearen zama –berriz ere ETA erabiliz– ezker abertzalearen gain utziz.

Miseria da, horren guztiaren ondorioz, hamarkadetako zauriak oraindik zabalik direlako era guztietako biktimen azalean; elkarrizketaren ukenduaren ordez, errepresioaren ozpina lehenesten delako.

Jorge Fernández Díaz barne ministroak dioen gisan atxiloketok ETAren hil kanpaia badira, jadanik ez dago aitzakiarik, has dadila behingoz elkarrizketaren bidea eta amai bedi errepresioarena.