argia.eus
INPRIMATU
Atxiloketak, erreferenduma eta 155. artikulua dantzan Katalunian
  • Ostiraleko atxiloketen ondoren, %3ko komisioen afera prozesu independentistaren erdian ari da berriz kulunkan. Bitartean, Madrilgo Gobernutik Kataluniako autonomia bertan behera uzteko mehatxuak entzun dira berriz ere.  

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko otsailaren 03a
Guardia Zibila BIMSAko egoitza zaintzen (Bartzelonako Udaleko enpresa publikoa), ostegunean miatuetako bat.

Guardia Zibilak 18 pertsona atxilotu eta 24 miaketa egin zituen atzo Katalunian CDCren finantzazioa eta %3ko komisioen auziarekin lotuta. Enpresetako pertsona esanguratsuak eta CDC alderdi ohiko arduradunak izan ziren atxilotuak eta horietako zazpik gaua poliziaren eskuetan pasatu dute. Pika deitu dute operazio hau, ustelkeriaren aurkako fiskaltzak bideratu zuen Madrildik eta Fermando Bermejo fiskalak gidatu zuen Katalunian bertan.

 %3ko auziaren inguruan egindako hirugarren operazio zabala da hau eta bere ezaugarri nagusietakoa da oraingoan Bartzelonako Udalaren bost eraikuntza lan ere ikertzen ari direla, Xavier Trias CDCko alkatearen 2011-2015eko agintaldikoak.

Operazioa noiz egin den ere esanguratsua da: datorren otsailaren 6tik 10era epaituko dituzte 2014ko azaroaren 9ko kontsultagatik Artur Mas presidente ohia eta, bere lehendakariorde Joana Ortega eta hezkuntza sailburu Irene Rigau. Mas lehendakari ohiak, esaterako, independentzia prozesuaren aurkako operaziotzat hartu du hau.

Gainerako alderdietatik erantzukizunak eskatu zaizkio PDECat-eri, CDCren ordez sortu den Masen alderdi berriari. Unionismotik salatu da Masek independentzia prozesua baliatzen duela ustelkeria estaltzeko. Junts Pel Síren lerroetatik, oro har, prozesua erasotzeko operaziotzat hartu da, nahiz eta ERCk egin behar den ikerketa guztia egin dadila azpimarratu duen.

Gogorrago aritu da CUP eta Bartzelonako zinegotzi Maria José Lecha-ren esanetan, atxiloketa hauek “sekulako zaplaztekoa dira prozesu independentistarentzat, honek guztiz garbia izan behar zuen eta”. Lechak ukatu egin du prozesua geldiarazteko Estatuaren jokaldia denik eta gogorarazi du CUPek berak ere bazituela aurkeztuta hainbat salaketa”.

Konstituzioaren 155. artikulua dantzan

2014ko kontsultarekin gertatu zen legez, orain ere Espainiak har ditzakeen neurriei buruzko esamesak gero eta ugariagoak dira. Edozein modutan, zurrumurruetatik harago ere badoaz mehatxuak. Behin CUPek iragan larunbatean argi berdea eman ondoren Generalitatearen aurrekontuei, erreferendumaren atea ere guztiz irekita geratu da, teorian bederen, eta Madrilek ere erreakzionatu egin du. Asteazkenean bertan Espainiako justizia ministro Rafael Catalak publikoki adierazi zuen TVEn posible zela 155. artikulua indarrean jartzea eta Kataluniaren autonomia Madrilgo Gobernuaren menpe uztea.

Han-hemenka dabilen hipotesi baten arabera, Espainiako Gobernuak Hezkuntza Kontseilaritza har dezake eta erreferendumaren egunean eskoletako ateak itxi bozketarik egin ez dadin. Aukera horren aurrean, Generalitateak hauteskundeak aurreratu eta bi bozketa egin ditzake egun berean: erreferenduma eta hauteskundeak. Horrek behartuko luke Espainiako Gobernua askoz segurtasun indar gehiago erabiltzera eta egoera nahasiak sortzera eskoletan, erreferendumaren hautetsontzia debekatzeko. Ez da baztertzen erreferenduma berriz ere hauteskunde aurreratu-plebizitarioak bilakatzea, baina CUPek beti egin du aukera honen aurka eta erreferenduma aurrera eraman dadila exijitu du.