argia.eus
INPRIMATU
Atxilo jarraitzen dute Espainiako Poliziak Iruñean atxilotutako gazteek
  • Gutxienez hamar dira asteartean Iruñeko Arrotxapea auzoan Espainiako Poliziak atxilotutako gazteak. Iruñeko epaitegi batek agindu du operazioa, eta "talde kriminala" osatzea eta "desordena publikoak" leporatzen zaizkie. Kausa sekretupean dago.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 28a
(Argazkia: Ekinklik)

Astearte goizean heldu zen albistea Iruñetik: Arrotxapea auzoan operazioa gauzatzen ari zen Espainiako Polizia, eta gutxienez sei ziren atxilo eramandako gazteak. Orduak igaro ahala, baina, atxilotutakoen zifrak gora egin zuen, eta gauerako jakin zen gutxienez hamar zirela atxilotuak.

Iruñeko epaitegi batek agindu du Poliziaren operazioa, eta atxilotuei “desordena publikoak” eta “talde kriminaleko” kide izatea leporatzen die. Alabaina, atxilotuen gertukoei luzatutako autoan ez da zehazten balizko zein ekintzari erantzuten dieten akusazio horiek. Polizia iturriei aipamena eginez Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, kausa sumario-sekretupean dago.

Operazioaren harira, hainbat etxebizitza miatu dituzte poliziek. Miaketan material informatikoa, suziriak eta pegatinak konfiskatu dituzte.

Bart, atxilotuek segitzen zuten konfiantzazko abokatuekin hitz egiteko aukera izan gabe. Hasiera batean espero zen gaur pasatuko zirela epailearen aurretik, baina poliziak guardia epaileari jakinarazi dionez, bihar izango da. Bitartean atxilo jarraituko dute.

Elkartasun erakustaldia

Atxiloketen berri eman orduko, hainbat eragile, kolektibo zein norbanakoren elkartasun mezu uholdea jazo zen. Elkartasun keinu horiek hezurmamitu ziren astearte arratsaldean Arrotxapea auzoko Plaza Gorrian egindako elkarretaratzean. “Erasoen aurrean klase elkartasuna. Atxilotuak askatu!” lelopean, jende andana bildu zen atxiloketen aurrean gaitzespena agertzeko.

Atxiloturik jarraitzen dutenei elkartasuna adierazteko, asteazkenean berriz deitu dute elkarretaratzea, toki berean, 20:00etan.