argia.eus
INPRIMATU
Atxikimenduak biltzen jarraitzen du Parisko presoen aldeko martxak
  • Larunbatean milaka euskal herritarrek manifestazioa egingo dute Parisen, presoen eskubideen alde. Frantziako Gobernuari pausoak eman ditzala eskatu diote bost parlamentarik, Frantziako Asanblea Nazionalean.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko abenduaren 07a
Arg: Bakearen artisauak

62 euskal preso daude egun Frantziako kartzeletan, horietatik 29k erregimen berezia (DPS) dute. Asteazken arratsaldean Frantziako Asanblea Nazionalean zenbait parlamentarik  egindako prentsaurrekoan Frantziako Gobernuari eskatu diote euskal presoei ohiko legedia aplikatzeko. Azaroan zazpi euskal presori kendu zieten DPS estatusa.

Vincent Bru (Modem-eko diputatua), Florence Lasserre-David (Modem-eko diputatua), Frédérique Espagnac (Alderdi Sozialistako senataria), Max Brisson (Senatari Errepublikanoa) eta Denise Saint-Pé (Senataria) atera ziren prentsaurrera Asanblea Nazionalean. Dagoeneko mila hautetsi baina gehiagoren atxikimendua lortu dute larunbateko manifestaziorako.

“Presoen Luhuso” bihurtu nahi dute Paris Bakegileek. Behin ETAren armagabetzea eginda euskal presoen egoera konpontzeko beharra ikusi zuten, eta horretarako Frantziako Gobernua mugi arazi nahi dute.  Aldarrikapen horien bueltan eragile eta norbanako ugariren babesa jaso dute, azkenak, Christiane Taubira, Alain Lamassoure eta François Bayrou izan dira.

Informazio praktikoa 

12:30etan hasiko da manifestazioa Montparnasse tren geltoki ondoan. 11:30etan elkarretaratzea egingo dute “18 juin 1940” plazan. Manifestazioa abiatu bitartean Euskal Herritik iritsitako autobusei, trenei, eta espetxe martxari ongi etorria egingo diete. Aurreko egunetan Paris eskualdeko espetxeetan zehar martxa bat egingo dute.

Manifestaldian ez da animaziorik faltako. Joaldunak, txarangak, txistulariak, dantzariak… izango dira ibilbidean zehar. Horiez gain kamioi bat ere izango da, Bad Sound System, Fermin Muguruza eta Oreka TX igoko dira bertara besteak beste. 15:00etan amaituko dute elkarretaratzea. Amaitzeko gaualdia ere antolatu dute Pariseko euskal etxean.