Lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko “hizkuntza politika eraginkorrak” aldarrikatu dituzte eragileek, besteak beste.
Azaroaren 4an manifestazioa egingo da Bilbon euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko. Ostegunean, euskal sindikatu nagusiak eta lan munduko hainbat eragile bildu dira prentsaurrekoan horrekin bat egiteko. Horrez gain, langileen hizkuntza-eskubideen eta lan-eskubideen aldeko aldarriaren argudioak aurkeztu dituzte.
Agerraldian parte hartu dute ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, STEILAS, HIRU, EHNE, Etxalde, Lanartea, OlatuKoop eta EHko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Halaber, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel arduratu da adierazpen bateratua irakurtzeaz.
“Geroz eta agerikoagoa da euskararen biziberritze eta normalizazio prozesuak ezinbestekoa duela lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea”, adierazi dute. Eskisabelek azpimarratu du hezkuntza ezinbesteko oinarri bat den arren, ez dela nahikoa: “Zertarako balio du inoizko gazte belaunaldi euskaldunena izateak, lan-mundua erabat erdalduna denean?”.
Hizkuntza gutxitu baten “biziberritze eta normalizazio prozesuan” eremu sozioekonomikoa “ezinbestekotzat” jo du Eskisabelek. Kontseiluak aldarrikatu du herritar-erabiltzaile modura zerbitzua norbere hizkuntzan jasotzeko eskubidea: “Lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan-harremanak euskaraz burutzeko eskubidea defendatzen dugu”. Horretarako, “hizkuntza politika eraginkorrak” behar direla azpimarratu dute.
Euskararen normalizazio prozesua “trabatu” eta egindako bidean “atzerapausoak” eragiteko “olatu erreakzionarioa” ere aipatu dute: “Ikusi besterik ez dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren azken hitza, non estatu-egiturek argi utzi nahi izan duten hemen hizkuntza-politikei dagokienez nork duen azken hitza”.
Azaroak 4, manifestazio eguna
Horren aurrean, mobilizazio sozialerako deia egin dute: “Hizkuntza-berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar eta eragile guztiei datorren azaroaren 4an balio horien denen defentsan Bilboko Euskaldunatik egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu”.