argia.eus
INPRIMATU
Herri Urrats
“Atxik ikastola bildua” lelopean, Herri Urratseko dirua Ziburuko ikastolarentzat
  • Igande honetan, maiatzaren 10ean, Herri Urrats 32. ekitaldia Senpereko lakuan. Ospakizunean bildutako dirua Ziburuko ikastola berria eraikitzeko izanen da.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko maiatzaren 05

Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak Ziburuko Kaskarotenearentzat ikastola berria eraikitzea erabaki du.

Seaskak 300.000 euro balio duen lur eremu bat erosteko asmoa du. Kari horretara, ahalik eta laguntza ekonomiko handiena jasotzeko kanpaina abiatu dute.

Ziburuko ikastolak oztopoak izan ditu ikasturte honetan. Guy Poulou auzapezak argindarra kendu zion ikastolari. Herriko Etxearen eta Kaskarotenea ikastolaren arteko tira-bira gogorrak izan ondoren auzia zabaldu zen. Ondorioz, ikastolak isuna ordaintzen du egunero.

Herri Urrats bestara joateko deia

Ziburuko ikastola berria eraikitzeaz gain, heldu den urtean Lapurdin (Biriatun eta Basusarrin) eta Baxenabarren (Azkaraten) hiru ikastola berri eraikiko dira.

Seaskak diru premia handia izan du beti, eta badauka ere gaur egun. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak ez du beharra gorde: “Sosa biltzeko egina da besta, ez dezagun ahantz. Beraz, jendea etor dadila besta egitera, jatera, edatera eta dirua ematera. Mezua argi eta garbia da”.

Atxik ikastola bildua lelopean

Aurtengo Herri Urratserako kantua Willis Drummondek eta Niko Etxartek egina da. Xan Bidegain eta Rafa Rodrigo musikariek erran dutenez, Lapurdiko taldeak Senpereko aintziran emanen dute urteko kontzertu bakarra.

Betagarri, Joxe Replay, Zezenaren Taldea, Glaukoma, Maialen Errotabehere, Kalakan, Aire Ahizpak eta Aguxtin Alkhat taldeek ere joko dute, besteak beste.

Halaber, haurrentzako egitaraua indartu eginen dute aurten. Horretarako, hiru gunetan eskainiko dituzte umeentzako jarduerak. Irrien Lagunak taldeko kideek antolaturikoak eta Albaola erakusketa nabarmendu dituzte, hainbat ekimenen artean.