Irrintzi edo garrasi bakar bat behar baginu bota leiho huntarik, hauxe liteke: Atxik, atxik, artzain, kabale hazle eta laborariei!
Idorte krudela egin baitu eta berote bortitzak egin baititu. Xubero Basaburuko artzain bakar bat entzun dut erraiten ehun ardail edo soro punpulaz [belar bola] gehiago egin duela aurten. Beste gehienek, itsas bazterretik Madalenako mazeletarat, soro sabaiak argi, alhagiak oraino mokor, alor eta baratzeak ere egarriz errerik egonak luzekiro. Aldiz, etxaldetik kanpo erosiko den guztia sutan kariotua, merkatuak hainbestez areagotzen baitu, orotako idortearen ondorioa, gerlarena areagotzen duen bezala, erregaietan eta lehengaietan.
Atxik, atxik, dudak eta etsiak hunkitzen dituen lur eta hazkuntza lanetan ari diren emazte eta gizon guztiei! Bakarka mila arrazoinengatik lehen ere frangok ezagutzen dituzte beren etxaldearentzat garai jasangaitzak. Askotan gainditu dituzte etxekoen laguntzaz edo auzokoen elkartasunari esker. Beti jiten dira aro hobeak aro nekeen ondotik, bakotxa bereari lotzen bada baikorki, elkar jatea debekatzen bada gorenetik, elkarrekin ihardokitzea baldin bada lege eta helburu.
Atxik, atxik, ELB sindikatari! Lau hamarkadaz aztaparka borrokatu baitu sindikatak lehengai hornitzaile, laborari eta hazleen alde. Esneak eta haragiak beste ekoizpen sailak baino gehiago menturaz merkatuaren eta industriaren menpe daude. Merkatua legeek eta gobernu ordezkariek zentzatzen ahal dute. Esne eta haragi industriak enpresaburuen esku dira. ELB batzu besteekin indar jokoan aitzinatzeko sortua da, laborari ttipi eta ertainen alde, etxalde anitz izan dadin gure Euskal Herriaren elikatzeko eta biziarazteko.