Aste honetan hasi dira Soinujolearen semea nobelaren zinemarako egokitzapena filmatzen, EITBk aurreratu duenez. Eneko Sagardoy, Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson eta Miren Arrieta aktoreek hartuko dute parte, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean.
Eleberrian bezala, David eta Joseba izango dira pelikularen ardatza: AEBetara joan zen bizitzera David eta orain hilzorian dago. Josebak, txikitako lagun minak, bisita egingo dio eta horren bidez, bien iragana errepasatuko da. Frankismoa, ETAn izan zuten parte hartzea, Gerra Zibilaren oihartzunak, tortura, traizioa…
Bernardo Atxagak 2003an nobela argitaratu zuenean zeresana eman zuen, bai euskal irakurleen artean, baita atzerrian ere. Besteak beste, sonatua izan zen Ignacio Echevarría literatur kritikariak El País egunkarian idatzitako artikulua, zeinean Asteasuko idazlearen lanari “atrofia morala” leporatu zion, baita “euskal terrorismoaren garapena” babestea ere, “otso eta artzainen gatazka” esplikatzen zuela nabarmenduz.
Artikulu hura publikatu ondoren Echevarría El País-etik bota zuten eta eztabaida piztu zen kultur giro espainiarrean, kanporatze horren atzean egon zitezkeen arrazoiengatik –Soinujolearen semea-ren gaztelaniazko edizioa Alfaguarak argitaratu zuen, orduan El País-en jabea zen Prisa taldeko argitaletxeak, alegia; eta zenbaiten ustez, hori determinantea izan zen kritikaria egunkaritik aterarazteko–.
Euskal gatazkaren une hartako egoerak eta enpresa kulturalen gorabeherek eragindako ika-mikak alde batera utzita, Soinujolearen semea-k Atxagaren ibilbidean aro baten amaiera ekarri zuen, idazleak berak azaldu zuenez Obabarekin lotutako zikloa itxi baitzuen liburu honekin.
2012an liburuak kontatzen duen istorioa antzerkirako egokitu zuten, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean.
Patxo Telleriak egokitu zuen testua antzokiz antzoki ibili zen bertsio horretan eta Telleriak berak egin du filmerako gidoia egokitzeko lana ere. Zazpi astez arituko dira filma errodatzen, Gipuzkoan eta Nafarroan batez ere.