argia.eus
INPRIMATU
Atutxa familiaren Urdaibaiko txaletaren obretan irregulartasunak salatu dituzte
  • Atutxa familiak Mundakako hondartza aurrean duen txaletean udan hasitako harri-lubetaren eraikuntzak ez ditu legeak betetzen, Alberto Uriona kazetariak bere blogean jaso duenez. Irregulartasunen aurrean Mundakako udalean isiltasuna gailendu dela salatu dute ekologistek.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 28a
Harri-lubetaren obrak. (Arg.: albertouriona.es)

Urdaibaiko biosfera erreserbaren patronatuaren babespean egin dira lanak. Hiri eremutik kanpo egiten diren obra guztiek patronatu horren baimena behar dute.

Zain Dezagun Urdaibai taldearen salaketa

Txaletaren obrak direla-eta, Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistak ingurumen legalitatea babesteko akzio publikoa aurkeztu zuen Mundakako Udalaren, Kosta Demarkazioaren eta Urdaibaiko erreserbako patronatuaren aurrean.

Udalak hilabete eta erdi geroago erantzun zion talde ekologistari. Alvaro Amann Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren hitzetan, obrak egiteko jabeek eskaturiko lizentziak zuzenak dira. Zinegotzi izan aurretik, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburua izan zen Amann, 1999 eta 2005 urteen artean.

Talde ekologistak salatu duenez ez du lizentzia hori ikusteko aukerarik izan, eta jabeek aurkeztutako proiektu teknikoaren edo udal arkitektoaren txosten teknikoa jasotzeko modurik ere ez dute izan. Adierazi du Toki erakundeen legearen aurka doala informazio hori ez argitaratzea. Legearen 63. artikuluaren arabera (50. orrialdean), "eskaera jaso eta hilabeteko epean, gehienez ere, jakinarazi beharko da ebazpena".

Obra egin ahal izateko hondeamakinak erabili zituzten. Hondartzatik sartu zituzten, Kosta Demarkazioak agintzen duenaren aurka. Obrak eremu publikoan sartzen dira, hiru metro ekologisten esanetan. Horrez gain, lanak inongo babes perimetrorik gabe egin ziren eta maiatzean langileetako batek istripu bat izan zuen. Hamabost metroko altueratik erori eta larri zauritu zen.

Bi familia bizi dira eraikin horretan. Lehena, Maria Isabel Elkuria enpresaria da, Talleres Wolko SL enpresaren jabeetako bat. Bigarrena, Iskander Atutxa arkitekto eta enpresaria. Iskander Atutxa Eusko Jaurlaritzako barne kontseilari ohi eta EAJko burukide historiko Juan Maria Atutxaren semea da. Hala ere, azken obra honen lizentzia eskaeran Elkuriaren izena soilik ageri da.

Atutxa familiaren aldeko tratu ekonomikoa

2015ean Juan Mari Atutxaren familiarekin erlazio zuzena duten hainbat enpresen aldeko tratua egon zela salatu du Euskadiko PPk. Dioenez enpresa horiek 68 milioi euroko balioa duten 200 kontratu publiko inguru lortu zituzten.

PPk emandako datuen arabera, Ekin eta Ekin Eraiketak enpresek 40 milioi euro inguru jaso zituen diru publikotik. Enpresa hauek 2012ra arte Juan Maria Atutxaren bi anaienak ziren eta ondoren ilobenak. Atutxaren hiru semeen jabetzakoa den Ingeplan Consulting enpresak hogei milioi euroko kontratu publikoak lortu zituen. Azkenik, Iskander Atutxaren Arkigest enpresak hiru milioi euro irabazi zituen Bizkaiko hainbat udali eskainitako zerbitzuei esker.