argia.eus
INPRIMATU
Attac-eko militantea epaiketan errugabe: banku iruzurgileari aulkiak ostea ez da delitu
  • Carpentras hiriko (Frantzia hegoaldean) epaile batek errugabe deklaratu du Nicole Briend: erretiroa hartutako irakaslea, BNPk burutzen duen iruzur fiskala salatzeko bere bulegoetan aulkiak lapurtzeko ekintzan hartu zuen parte. Sei urteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna arriskatzen zituen, baina epaileak erabat libre utzi du.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 08a
Attaceko militanteak Carpentraseko auzitegiaren atarian Nicole Briend aske utzi eta BNP banku iruzurgilea auziperatzeko eskatzen. (Argazkia: Attac)

Otsailaren 6an ziren epaitzekoak Nicole Briend (70 urte) 2016ko ekintzagatik, baina auzi saioa ekainaren 7a arte atzeratu zen. Ostegunean Carpentrasko auzitegi atarian zientoka militantek babestu zuten, epaileei esijituz Briend libre utzi eta BNP bankua epaitzeko. Lehenbizikoa lortu dute, bigarrena ez da hain erraza izanen.

Aulkien lapurreta Baionan Bizi! mugimendu ekologista eta altermundialistak 2016ko otsailaren 12an egin zuen: beren buruei “aulkien segalariak” [faucheurs de chaises frantsesez, parekatuz ekintza hau hazi transgenikoak salatzeko OGM arto soroak segatzen zituzten beste ekintzaile famatuekin] deitzen dituzten militanteek aulkiak osten dituzte iruzur fiskala egiten duten bankuen bulegoetan. HSBC bankua salatuz estreinatu ziren Bizi!koak Baionan eta orduan ere Parisko agintariek erakutsi zuten indar handiagoa egiten dutela dozena erraldoi bati dozena aulki xixtrin berreskuratzeko, banku horrek fiskalitateari iruzur eginez lapurtzen dituen milioiak aurkitzeko baino.

Gero Attac mugimenduak ekin zion Bizi!-ren ekintzak Frantziako Estatu osora hedatzeari, 2016ko martxoan bateko eta besteko bulegoetan 240 aulki bahituz. Antolatzaileek bankuei eskatzen zieten paradisu fiskaletara eramandako dirua itzuli eta Frantziako ogasunari iruzurrez ordaindu gabe utzitako diruak pagatzea aulkiak berreskuratzearen truke. Nicole Briendek parte hartu zuen BNPren bulego bateko aulki lapurretan. Gaur oraindik BNP omen da, Attacen esanetan, paradisu fiskaletan diruak edukitzen txapeldun frantsesa, zergen ordainketa saihesteko haietan 198 filial dauzkalarik.

Nicole Briend 2016ko martxoko ekintzan Attaceko militante batzuekin batean, BNPren bulegoko eserlekuak eramaten. (Argazkia: Attac)

Attaceko bozeramaile Raphaël Pradeauk balorazio hau egin du sententzia jakindakoan: "Gaur justiziak aitortu du iruzur fiskala egiten duen banku baten kadira bat bahitzea ezin dela lapurretatzat hartu. Parisko auzitegiek 2018ko otsailean esan zuten Attacek Appleren komertzioetan burututako ekintzek interes orokorra bilatzen zutela eta oraingo ebazpen berri honek indarra ematen digu jarraitu eta ugaritzeko gure desobedientzia zibileko ekintzak iruzur fiskala antolatzen duten banku eta multinazionalen aurka. Hauekiko estatuek erakusten duten tolerantziaren aurrean, ebazpen honek aitortu digu Attacek herritar ekintza moduan egindakoa beharrezkoa eta legitimoa dela".