argia.eus
INPRIMATU
Atsedenerako eskubidea eta beharra aldarrikatu dute zaintza arloko langileek Donostian
  • Manifestazioa egin dute etxeko eta zaintza arloko langileek igandean, hainbat eragilek deituta. Hitzarmenen premia eta aisiarako eskubidea aldarrikatu dituzte, oztopo burokratikoak salatzearekin batera.

Olaia L. Garaialde 2024ko uztailaren 22a
Etxeko eta zaintza langileen manifestazioa Donostian. Argazkia: Denon Bizitzak Erdiguenean.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko eta zaintza arloko langileak saretuta atera dira Donostiako karriketara. Argi utzi dute ezin izan dutela denek parte hartu: “Ez gaude denak, barruko langileak falta dira”. Beren osasun fisikoa eta mentala zaintzeko beharrezkoak diren zenbait aldarrikapen nabarmendu dituzte: “Oporrez eta aisiaz gozatu nahi dugu. Etengabe eta kasu askotan ordutegirik gabe egiten dugun gutxi baloraturiko eta aitortu gabeko lan intentsuaz atseden hartzeko beharra dugu”.

Zenbait eragileren artean egindako gogoeta prozesuen ondorio izan da manifestazioa: Hegoaldetik Enarak, Nafarroako Thycna eta Gipuzkoako Bidez bide eta Maitelan eragileek hartu dute parte, besteak beste. Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak antolaturiko ekimenetan saretu eta indartu dira. Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren diskurtso politikoaren bidetik jo, eta zaintza erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu dut: "‘Autozaintza’ birpolitizatu behar dugu; pertsonala politikoa delako. Nork zaintzen ditu etxeko eta zaintza langileak? Zer gertatuko litzateke zaintzeari utziko bagenio?".

Eusko Jaurlaritzari ere kritika egin diote, bere egoitzaren aurrean geldialdi bat eginez. 2018. urtetik Araban eta Gipuzkoan lanean jarraitzeko beharrezkoa da formakuntza soziosanitarioa izatea, baina langileek salatu dute "oso zaila" dela ikastaro horiek jasotzea. Gaineratu dute erroldaturik ez daudenek edo lan baimenik ez dutenek ezin dutela ikastaroetan izena eman.

Atzerritarren Legea oztopo

Santa Catalina zubian ere egin dute geldialdia. Bertan salatu dute migrazio prozesuak bizi dituzten emakumeek indarkeria ugari pairatzen dituztela: "Atzerritarren Legeak urte luzez lan baimenik gabe lan egitera behartzen gaitu, eta horren ondorioz lan eskubide eta eskubide sozial ugariren urraketa pairatzen dugu".

Etxeetan egoiliar gisa aritzen diren langileak ere izan dituzte gogoan, eta horrelako lan "esklaboen" abolizioa eskatu dute. Horrekin batera, langile guztientzako hitzarmen "duin" bat eskatu dute.