Estrasburgoko auzitegiaren jurisprudentziari uko eginez, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki du ez duela berrikusiko Xabier Atristain espetxeratzea ekarri zuen auzia, zeinaren arabera 17 urteko kartzela zigorra jaso zuen.
Atristainek hamabi urte pasatu ditu Espainiako espetxeetan eta joan den otsailean utzi zuten libre, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak –Estrasburgoko auzitegia moduan ere ezagutzen da– bere aldeko epaia eman ondoren. Funtsean, epaiak zioen Guardia Zibilak ez zuela azaldu zergatik inkomunikatu zuten atxiloaldian eta, ondorioz, zergatik ez zioten utzi bere konfiantzazko abokatua aukeratzen.
Atristainen deklarazioa giltzarri izan zen jarri zitzaion zigorrerako, eta Estrasburgoko auziaren arabera, hori egitean atxilotuaren oinarrizko eskubideak urratu ziren, beraz, auzia berrikusi beharko litzateke. Libre geratu ondoren, Atristainek espetxea ekarri zion auzia berraztertzeko galdegin zion Espainiako Auzitegi Gorenari, baina Goreneko fiskalak kasua ez berrestea eskatu dio auzitegiari eta honek onartu egin du bere tesia.
Ez da erraz ulertzen oraingo gorenaren ebazpena, kontuan hartua Estrasburgok bi ebazpen izan dituela auzi honen inguruan. Lehenbizikoa urtarrilean jazo zen, ondoren Espainiako Abokatutzak helegitea jarri zion eta Estrasburgoko beste auzitegi batek atzera bota zuen.
Orain Auzitegi Gorenak dioenez, Estrasburgoko epaiak ez du zalantzan jartzen Espainiako legedia, ezta terrorismoaren akusaziopean atxilotutakoen inkomunikazioa, baldin eta hori behar bezala justifikatzen bada. Eta hori da hain zuzen Atristainen defentsak eta Estrasburgoko auziak diotena, ez zela behar bezala justifikatu.
Baina horrez gain, eta goreneko fiskalaren argudioei jarraituz, gorenak esan du Atristainen adierazpenez gain, beste froga asko zirela hura zigortzeko, besteak beste, auziko beste akusatuen adierazpenak, beste hirugarren batzuen adierazpenak, Guardia Zibilaren testigantzak, egindako miaketen ondorioak eta froga perizialak.
Bitxia da gorenaren erabakia, batetik ebazpenaren ondoren Atristain libre utzi zutelako, eta gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalak dagoeneko erabili duelako kasu honi lotutako jurisprudentzia. Horren ondorioz, Gorka Palacios eta Juan Carlos Iglesias absolbitu ditu azken hilabeteetan.
Lehendik bazen nahasmendu handia gaiaren bueltan, ez zelako samurra irudikatzen Atristain auziak nola eragingo zien beste ehunka zigorturi, haien zigorrak ere inkomunikazioa eta torturapean jasotako deklarazioan oinarritu baitziren. Orain are gehiago korapilatu da auzia.