"Hau hasiera besterik ez da", esan du Jennifer Granholm AEBetako Energia idazkariak astearte arratsaldean. Energia "garbia" izango dela hitzeman du, baina urteak beharko dituzte merkaturatzeko.
Ofizialki iragarpena egin aurretik, mundu mailako hainbat hedabidek lorpenaren arrakastaz hitz egin dute. Arratsaldean etorri da ordea AEBetako Gobernuaren jakinarazpen ofiziala: urte luzez eta diru-publikoz inbertsio handiak egin ondoren, Kaliforniako Lawrence Livermore National Laboratory-n lortu dute bi atomoren arteko fusioa gauzatu, eta xahututakoa baino energia gehiago sortzea –azken hori da nobedadea; izan ere, hamarkada asko dira fusioa egiten jakin zela–. Gobernu estatubatuarrak jakinarazi duenez, munduko laser indartsuenak baliatuz eta plasmazko bola txiki bat bonbardatuta heldu dira emaitzara: laserrak 2,1 megajouleko energia gastatzea lortu dute eta bertatik sorturiko fusio erreakzioak 2,5 megajoule sortzea. "Aurrerapen historikoa", Jennifer Granholm AEBetako Energia idazkariaren hitzetan. "Etorkizuneko eredu" izango dela ere gaineratu du.
Edonola ere, "urteak beharko dituzte" energia-eredu berria modu errealean aplikatzeko. Hain zuzen ere, Fernando Plazaola fisika katedradunak horixe bera esan du Euskadi Irratiko Faktoria saioan: "Askatutako energia ez da nahikoa fusioko zentral elektriko bat sortzeko, baina edonola ere, itxaropena pizten du". Dena den, ohartarazi du, "aurkikuntza" horrek "fruitu onak" emanda ere, ez dela soluzio izango: "Energia kontsumoa ahalik eta txikiena izan dadin saiatzen jarraitu behar dugu, bide paralelo batetik energia utopikoen bila aritzea ondo dago baina jarraitu behar dugu ahalik eta jasangarrienak izaten, energia arazoak bere horretan jarraitzen duelako".