argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Emakumeen Triatloiko afera
Atlético kluba eta Federazioa asteazken honetan bilduko dira triatletak hizkuntza eskubide urraketa salatu ondoren
  • Atlético San Sebastian klubak oharra atera du ekainaren 23an gertatutakoaz eta tristura agertu du “salaketa larriak eta horren ondorioek sorrarazitako egoeragatik”. Oharrean dio kluba larunbatean bertan saiatu zela bi aldeak elkartzen, baina “Euskal Federazioak une hartan bertan garbitu zuen arazoa”. Gaur 19:00etan izango dute bilera klubak eta Euskal Triatloi Federazioak.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 27a
Donostiako Emakumeen Triatloian hartu zuen parte euskaraz egiteagatik deskalifikatu zuten kirolariak. Argazkia: Triatloi.org

Ekainaren 23an Donostiako Emakumeen Triatloian parte hartu zuen kirolari batek salatu zuen probatik kaleratu zutela euskaraz aritzeagatik. Kaleratu zuen epaileak dio errespetua galdu eta mehatxatu egin zuela. Ondoko lerrootan duzue Atlético San Sebastián klubak argitara eman duen oharra:

“Atlético San Sebastian Klubak agiri honen bidez bere tristura adierazi nahi du iragan larunbatean, ekainaren 23an, Emakumearen 10. Triatloian izandako salaketa larri eta horren ondorioek sorrarazitako egoeragatik. Atléticok euskararen eta eleaniztasunaren alde dagoela azpimarratzen du, bere komunikazio, sare sozial eta ekintzek erakusten duten moduan.

Azken batean hau da egoera: kaltetutako triatleta bat dago, deskalifikatua izan zena, bere hitzetan, euskaraz hitz egiteagatik; eta epaile bat Triatloiko Euskal Federaziokoa, aurrekoa ukatu eta “ofizial bati begirunea galdu” izanagatik deskalifikatu zuela adierazten duena. Eta bide batez argitu nahi dugu epaile eta ofizialen izendapen eta kudeaketaren arduraduna Triatloiko Euskal Federazioa dela.

Larunbatean, partehartzaileak gertatua adierazi eta egoera argitzen saiatu ondoren, antolakuntza saiatu zen bi aldeak elkartzen, baina Euskal Federazioak une hartan bertan garbitu zuen arazoa. Hala eta guztiz, kaltetutako atletak Klubarekin harremanak izan ditu gertatua salatzeko. Azkenik, Club Atlético SSek bilera batera deitu ditu bihar arratsalderako eragindako alde guztiak”.