argia.eus
INPRIMATU
Atlasa.net, Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa bistaratzeko tresna
  • Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, Atlasa.net aurkeztu du. Gure errealitate ekonomiko eta sozialaren berri ematen duen tresna multimedia da, Euskal Herria eta bere lurraldeak aintzat hartzen dituena.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 31

Euskal Herriko errealitate sozioekonomiko anitzak bistaratzeko aukera eskainiko du tresnak. Klik bakarrean herri, eskualde eta herrialdeetako datuak ikusteko parada izanen dute erabiltzaileek.

Demografia, ekonomia, gizartea eta inguruko gaiak izanen ditu aztergai. Hamaika ikuspuntutatik begiratzeko datu sorta zabala eskaintzen du. Besteak beste, biztanleria, dentsitatea, BPGa, emakumezkoen langabezia tasa erregistratua, etxebizitza kopurua edota industria datuak. Horiek kontsultatu, deskargatu eta aztertu ahal izanen dira.

Modu bisualean erakutsiko dira orotariko datuak, mapa, grafiko, denbora lerro edota zenbaki datuei esker. Horrela, modu erraz eta azkarrean lurralde eremu desberdinen azterketa egiteko parada izanen dute erabiltzaileek.

Edonorentzat baliagarria izan daiteke atlasa: hezkuntza esparruan lan egin edo murgilduta daudenentzat, ikertzaileentzat, adituentzat edota Euskal Herria zertan den ezagutu nahi duen ororentzat.