argia.eus
INPRIMATU
Atlantiko beltza ikastaroa Katakraken: esklabutzako eta erresistentziako musikak
  • Iruñeko Katakraken ikastaroa antolatu dute musika beltzaren inguruan. Izen emateko epea zabalik da.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko urtarrilaren 11
Broken Brothers Brass Band taldea (argazkia: Euskalerria Irratia).

2015eko abenduak 5. Ehunka lagun Iruñeko alde zaharrean dabiltza. New Orleansen estiloko haize banda baten atzetik doaz. Euskaraz abesten dute, tropikalki dantzatu, Konpainia kaleko etxe bat okupatuko dute. Hasiera asko dituen istorio baten azken-aurreko kapitulua da. Haitiko danborrekin izan ziren esklabuen altxamenduak. Gogoan dauzkagu Trinidadeko eta Bahiako Salvadorreko inauteriak. Alabaman jendetzak eskubide zibilen alde abesten du. Nigerian armadaren aurka funk musika erabiltzen dute. Harlemen musika latinoak sortzen du auzoa. Londoneko matxinadak dub oinarrien gainean egiten dira. Dakarreko plazak rap doinuarekin indartzen dira.

Komertzio triangularra hasi zenetik Atlantikoa giza haragiaren trituragailu bihurtu zen. Aldi berean, ordea, elkartasun korronteak eratu ziren, errebeldiarako eta kultura trukerako sareak, aurrekaririk gabeko dinamismo batekin.

Katakrakek antolatu duen ikastaro honetan korronte horien faktore musikala aztertuko dugu. Helburu bikoitza daukate: batetik, mundu mailako funtzionamendua hobeto ulertzea eta gaur egungo erronkak zein diren antzematea; bestetik, hiri buruzagiari galderak egitea. Atlantiko Beltzeko portu bat bada... zer sartzen da? Zer atera? Zer gertatu da eta zer gerta daiteke musikaren eta bizitzaren, sorkuntzaren eta kontraboterearen, kultura ekoizpenaren eta askapen mugimenduen artean? Esklabutzaren kantak izango ditugu ala erresistentziarenak?

Izena emateko ikastaroak@katakrak.net helbidera mezu bat idaztea besterik ez du interesa daukanak. Prezioak: 30 euro, 10 euro prekarioentzat eta 50 euro ekimena babestu nahi duenarentzat. Matrikulazioarekin batera materialen dossierra emango dira; ikastaroak asistentzia agiria dauka.

[Albiste honen jatorrizko bertsioa Euskalerria Irratiak publikatu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]