argia.eus
INPRIMATU
Atlantiar ekimenaren seigarren edizioa egiten ari dira Kanadako Sydney-n
  • Egunotan, “Kenekk Tepaw-Ipar Atlantikoko herri indigenen sustraiak” izenburuko topaketak egiten ari dira Kanadan, mundu zabaleko aditu eta ikertzaile aunitzek parte harturik; haien artean, Euskal Herriko berrogei lagun inguru dira.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 27a
Xabi Otero hitz egiten kongresuaren irekiera ekitaldian, ondoan Stepehn Agustin duela. (Arg.: jauzarrea) Xabi Otero hitz egiten kongresuaren irekiera ekitaldian, ondoan Stepehn Agustin duela. (Arg.: jauzarrea)

Euskal kultura aztertu eta zabaltzeaz arduratzen den Jauzarrea eta Cap Breton Unibertsitateko Azterketa Indigenen Unamaki  mi’kmaq Ikastegiak antolaturik, Atlantiar Biltzarraren seigarren edizioa Cap Breton Unibertsitateko auditorioan egiten ari da, eta inaugurazio ekitaldiaren ondotik, 27an eta 28an, goiz eta arratsaldeko lan saioak egiten ari dira.  

 Hasierako ekitaldian, Stepehn Agustin etnologo eta Cap Bretongo Unibertsitateko errektoreordeak euskaldunen eta mi’kmaqen arteko birtopaketaren garrantzia azpimarratu du, 500 urtetik gorako hartu-emanen ondotik.

Jauzarreako ordezkari Xabi Oterok, bere aldetik, nabarmendu du bai Mi’kmaq Kontseilu Nagusiak bai Cap Bretongo Unibertsitateko azterketa indigenen atalak Atlantiar biltzarrei segida eman izana Ipar Amerikan, aurreko bost ekitaldiak Bilbon eta Irunen arrakasta handiz egin ondoren.

Biltzarrean 30 txosten azalduko dira gaiaren hainbat alderdi jorratzeko. Adituak Kanada, AEBak, Ingalaterra, Alemania, Gales, Danimarka eta Euskal Herrikoak dira, bai eta Ipar Amerikako lehen nazio indigena batzuetako adituak ere.  

Biltzarrean Euskal Herriko jende talde handi bat ari da parte hartzen, besteak beste Antopologian, Historian, Hizkuntzalaritzan eta Etnografian adituak. Jauzarreako jendea ere badago. Jauzarrea, euskal kultura aztertu eta zabaltzeko bidea da, Arraiozen du egoitza (Baztan), eta 300 bat lagunez osaturik dago.

Atlantikoaren bi aldeetako protagonisten ikuspegia

Aspaldikoak dira euskaldunen eta mi’kmaqen arteko harremanak, euskal baleazaleak San Laurendi estuariora iritsi zirenetik baleak harrapatzeko asmoz, artxibo historikoetako datazioen arabera.  

Xabi Oterok azpimarratu duenez, “Atlantiar Knekk Tepaw (hain urrun, hain hurbil)” biltzarrean euskaldunen eta  mi’kmaqen arteko harreman zaharragoak izanen dira mintzagai, eta bi herrioi dagozkigun gaiak aztertuko dira”. Jauzarreako zuzendariaren erranetan, “gure iragana hobeki ezagutu nahi dugu etorkizunari koherentziaz ekiteko. Atlantikoko bi aldeetako indigenen ikuspegia ematea da asmoa, protagonistek berek kontatua”.

Adituek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola klimatologia, aurkikuntza arkeologikoak, migrazio genetikoak, itsasontzien eraikuntza, Kanadako gainerako lehen nazioak, eta harreman komertzialak eta kulturalak, besteak beste.

Hona hemen txosten nagusietako batzuk:

Richard Peltier (Torontoko Unibertsitatea), fisikaria eta Lurraren zientzian aditua:  “Ipar Atlantikoko ozeanoaren baldintza glaziarrak: Dansgaard-Oeschger oszilazioa eta Heinrich fenomenoaren ezegonkortasuna”.

Maria Pala, genetista, biologia molekularrean aditua, Erresuma Batuko Huddersfield Unibertsitatekoa: “Amerikako herri indigenen ebidentzia genetikoak

Peter Bakker, hizkuntzalaritza, Aarusko Unibertsitatekoa (Danimarka): “Ezaugarri gramatikal iraunkorrak euskararen jatorrian”.

Xarles Bidegain, Euskaltzaindiko lehendakariordea (Paue-Baionako Unibertsitatea): “Baionako Le Dauphin itsasontziko euskarazko gutunak, Ingalaterrako Errege Armadak 1757an harrapatua”.

Dennis Stanford, antropologo eta arkeologoa (Whasintongo Smithsonian Institution), Paleoindian/paleoecology Programako zuzendaria.

Bruce Bradley, arkeologoa, aditua aurrehistoriako tresnen elaborazioan. Exeterreko Unibertsitatea. “Giza okupazio goiztiarra Ipar Amerikan”.