Bizkaiko Diputazioak abuztuaren 23an dekretu bat onartu zuen, eta honi esker Athletic Clubek 15 milioi euro aurreztuko ditu soldatetan.
Aldaketa fiskala ekarri du dekretu honek, eta futbolariak eta klubak izango dira aldaketa hori gehien nabarituko dutenak. Izan ere, aldaketa fiskal hau errenta irregularren gainekoa da; errenta hauek behin bakarrik ordaintzen dira, baina denbora luzeagoan sortzen dira.
Athleticek jokalariei ordainketak egiten dizkietenean, klubak ordaintzen ditu zergak. Gara-k egindako kalkuluen arabera, jokalariak lau milioi euro kobratzeko, klubak 7,4 ordaintzen ditu guztira; 3,4 horiek ogasun publikoari ordaintzen zaizkio. Aldaketa honi esker, zergen %50-60 aurreztuko dute klubek. Athleticen soldaten aurrekontua 85 milioi direla jakinda, 15 milioi euro inguru aurreztuko dituela uste da.
Erregimen fiskal berezi hau ikusita, Baskonia eta Alavesek, Gasteizko saskibaloi eta futbol talde nagusiek, neurria goraipatu dute, eta antzeko zerbait egin dezan eskatu diote Arabako Diputazioari. Haien ustetan, erregimen berezi bat ezarriz gero taldeen “lehiakortasunak” gora egingo luke. Arrazoi horrez gain, taldeek uste dute desabantaila dutela zergen kontuan, altuegiak direla baitiote.
2020ko Eurokoparen erregimen bera
Abuztuaren 23an onartu zen dekretu berezi honetan ere Bilboko San Mames estadioan jokatuko den 2020ko Eurokopa kudeatuko duten enpresen erregimen fiskal berezia argitaratu zuten. Honekin, Eurokopa kudeatuko duten hainbat enpresek ez dute zergarik ordaindu beharko.