argia.eus
INPRIMATU
Athletic-Real derbian Cabacasi eta Zabaletari omenaldia egin nahi diete
  • Iñigo Gogoan herri ekimenak eskatu du apirilaren 29ko Athletic-Real derbian Iñigo Cabacas eta Aitor Zabaletari –1998an hil zuten Realeko zaleari– omenaldia egiteko. Apirilaren 11n, bestalde, ekitaldia egingo dute Bilbon, duela hiru urte Ertzaintzaren pilotakada batek Cabacas jo zuen lekuan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2015eko martxoaren 27a
Apirilaren 11n omenaldia egingo diote Cabacasi, Ertzaintzaren pilotakadak jo zuen lekuan.

Prentsaurrekoan, Bilboko Udalak gaur Cabacasi egingo dion omenaldiaz ere aritu dira plataformako kideak. "Berandu" datorren arren, "ongietorria" dela gaineratu dute. "Iñigo hil zen momentuan genuen alkateak ez zuen egin beharrekoa egin. Oraingo alkateari, aldiz, ondo iruditu zaio omenaldia  antolatzea", diote.

Ekitaldi horren harira, EH Bilduk oharra (pdf) plazaratu du: "Espero dugu ostiraleko ekitaldi instituzionala EAJren eta gainontzeko alderdien jarrera aldaketaren ondorio izatea; justizia eta erreparazio eskaerekin bat egiten hasteko eskatzen diegu".

"Mingarria da gertatzen ari dena"

"Lotsagarria eta mingarria iruditzen zaigu gertatzen ari dena", azaldu dute Iñigo Gogoan ekimeneko kide Koldo Gutierrez eta Bikendi Arrausik. "Heriotza hau argitzeko ematen ari diren urratsak, eskasak baino, gaia argitzetik urrun kokatzen ari dira. Gizarteak ez du ulertzen zelan eman ahal den egoera hau, eta penagarria bada ere, salatzea baino ez zaigu gelditzen. Instituzioetatik eta beste eremu batzuetatik egiten ari diren aurpegi garbiketaren gainetik Iñigorekin gertatutakoa argitzea eta berriro gertatuko ez dela bermatzea exijitzen jarraituko dugu. Horrek ezinbestez ekarri beharko luke gomazko piloten erabilera bertan behera uztea".

Uriola.info atariak bideoan jaso du prentsaurrekoa.

Tiroaren ustezko egilea identifikatu dute

'Cabacas auzia' hizpide, Jone Goirizelaia abokatuak adierazi du identifikatu egin dutela Cabacas hil zuen pilotakadaren ustezko egilea: "Tiro egin zuela onartu zuen pertsonetako bat bertan zegoela egiaztatu dute adituek egindako frogek; tiro egin zuten distantziaren eta perimetroaren barruan; datu oso interesgarria eta garrantzitsua da ikerketari begira, eta prozedura aldatzeko eta ahozko epaiketa hastea eskatzeko orduan”.

Abokatuak gaineratu du dispositiboa koordinatu zuen Ugarteko ertzaina deklaratzera deituko dutela espero duela, lekuko gisa baldin bada ere.

Dokumentalaren estreinaldia

Apirilaren 11n 1.095 globo aireratuko dituzte Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen lekuan, hura hil zenetik 1.095 egun pasa direla gogorarazteko. Maria Diaz de Haro kalean egingo da ekitaldia, 18:00etan hasita.

Egun hori heldu aurretik estreinatuko dute, bestalde, Karlos Trijuequek egin duen Hiru urte Iñigo gabe dokumentala. Iñigo Cabacasen irudiez gain, besteak beste Manu eta Fina bere gurasoen hitzak ere jaso ditu dokumentalak.