2023ko martxoaren 12an Athletic Clubek Bartzelonaren aurka zuen partiduaren aurretik Athleticeko hainbat zaletu miatuak, identifikatuak, mehatxatuak, irainduak eta jazarriak izan ginen. Hori gutxi ez, eta Ertzaintzaren partetik Athleticeko bazkide txartelak lapurtu zizkiguten.
Miaketa eta identifikazio horiek amaitu ostean, Ertzaintzak, guztiz modu ilegalean, bazkide txartelak kendu zizkien bazkide horiei mehatxu bat egin zien: San Mamesera bazkide txartel elektronikoekin sartzen baziren, zigortuak izango ziren. Txartel horiek kendu eta bi ordutara Athleticetik deia jaso genuen, gure txartelak San Mameseko lehiatiletan zeudela eta bila pasatzeko. Harrigarria bezain nazkagarria.
Gehiegikeria polizial honek ez du inongo legezko oinarririk, eta azkenaldian Athleticeko zaletu batzuon aurkako eguneroko ogia bihurtu da. Gainera, gehiegikeria horiek, Ertzaintzaren eta klubaren arteko konplizitate osoz eta Athleticeko zaletu guztien isiltasun konplizez ematen ari dira.
Ondo dago Bartzelona kritikatzea, gaur egungo futbola bilakatu den mafia kapitalista honen aurka borrokatzea, baina ez dezagun ahaztu Athletic Club ere mafia horren parte dela.
Nahikoa da! Errepresiorik ez!
Athletic Clubeko bazkide batzuk