LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatzen duen Bekat'uros jaialdia antolatzen du Prefosta elkarteak. Salatu dutenez, "lan horren kontrako eraso" izan dira tindaketak. Elkarretaratzea egingo dute astelehenean.
Asteburuan, Atharratzeko Prefosta elkartean pintaketa LGBTIfobikoak egin dituztela salatu dute sareetan. "Erasorik ez dugu onartuko, ez hemen eta ez inon", esan du elkarteak sare sozialen bitartez, "homofobia delitua da" traola erabilita, eta gertaturikoa salatzeko elkarretaratzea deitu du astelehen iluntzerako, 19:00etan, eraikinaren atarian.
Prefostak Bekat'uros jaialdia antolatu du joan den apirilean bigarren urtez, zeina erreferente den LGBTQIA+ pertsonen eskubideei eta sexu-askatasunaren alorrean. Elkartearen ustez, euren lanaren aurkako erasoa izan da leihoetan egindako pintaketa horiek.