argia.eus
INPRIMATU
Atez atekoa martxan jarriko dute Pasai Donibanen
  • Zaborraren pilaketa eta bilketa sistema “ez jasangarriaren” aurrean urratsa eman du Pasaiako Udalak. Herritarren eskariari erantzunez, Pasai Donibanen atez ateko zabor bilketa sistema ezarriko dutela aurkeztu dute gaur goizean.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2013ko martxoaren 11

Birziklatze maila gutxienez %70 igo eta kutsadura jaisteko “konpromisoa” beteko dutela adierazi du Amaia Agirregabiria alkateak: “egungo zaborraren gestio eta tratamendu sistemak sortzen dituen osasun, ingurumen, ekonomia eta lege arazoekin kezkatuta gaude”.

2014an martxan jartzea zen hasierako asmoa, baina 2012.urteko itxierak aukera ekonomikoa eman die urtebete lehenago aurrera atera ahal izateko. Lau barrutietako batean emango dute urratsa, Pasai Donibanen: “modu mailakatuan egitea aztertu dugu eta Donibane bihurtuko da Pasaiako eredu”.

Herritarren zalantzak argitzeko eztabaidatze eta erabakitze bilkurak egingo dira auzoz auzo. Proposamenak jasoko dituztela adierazi du Agirregabiriak eta bideragarriak direnekin osatuko dute sistemarik egokiena.