argia.eus
INPRIMATU
Atez atekoak erraustegia geratu dezake, eta badakite
  • Erraustegia eraiki eta hura kudeatzeko kontratua sinatu dute. Atez ateko bilketa desprestigiatuz eta mespretxatuz lortu dute EAJk eta PSEk beren helburua.

Bego Zuza @bzuza 2017ko otsailaren 08a

Atez atekoa martxan jarri zenean Usurbilen, eta batik bat Hernanin (hemen frogatu zelako herri handietan ere funtzionatzen zuela sistema horrek), oso zalantzan ikusi zuten erraustegizaleek beren “txiringitoaren” etorkizuna. Bai. Bazekiten erraustegia gelditzeko bide bakarra bilketa eraginkorrak martxan jartzea zela. Eta zein da bilketa-sistema eraginkorrena? Ba, bai, Gipuzkoa, bilketa-sistema eraginkorrena atez atekoa da. Bilketa pertsonalizatua delako eta ez duelako hondakinak nahasteko aukerarik ematen. Eta gainera oso erraza eta erosoa da.

Erraustegia helburu zuten agintariek ondo ezagutzen zuten sistema hau. Aurretik eginak zituzten hainbat ikerketa, non argi azaltzen zen bilketa-sistema hau zela emaitza, ez onak, baizik eta ikaragarriak, ematen zituena oso denbora laburrean.

Egun, sistema horretan bizi garenok harrotasun motiboak ditugu. Gure herriko hondakinak gaika eta nahastu gabe biltzen ditugulako. Hori frogatu du gure hondakinen karakterizazioak. Ez baita nahikoa kalean jarritako gaikako edukiontziak betetzea, barruan zer botatzen den ere aztertu beharra baitago, ondo egiten dugun ala ez jakiteko.

EAJk eta PSEk eraman dituzte hainbat herritar eta arduradun politiko beraien gezurrak sinestera. Egia da makinaria komunikatibo oso bat jarri dutela horretan, baina egia da baita ere, zenbait herritarrek gezur horiek egia bihurtu dituztela. Hemerotekatik tiratu baino ez dugu egin behar ikusteko zenbat eta zenbat gezur bota diren gai honen inguruan: “Hernaniko herria zorpetuko da eta ezin izango dio buelta eman. “Ruina egoera batera eramango gaituzte!!” Egun, Hernaniko Udala izango da Gipuzkoako udalen artean zorpetze maila txikienetakoa duena, eta, ez dut oraindik barkamen hitz txikienik ere entzun EAJko edo PSEko zinegotzien ahotik.

Aurreko batean, entzun nuen ETBko Ahoz aho programan, hauxe esaten: “Urnietan egin behar zen errauste planta gelditu ez bagenu herritarrok, egun, 400.000 tona erretzeko planta izango genuen”. Arrazoi osoa zuen.

EAJk eta PSEk ondo baino hobeto dakite atez ateko sistema erosoa, merkea, garbia eta harrotzeko moduko sistema dela. Eta badakite, erraustegi bat gelditzeko aukerak ematen dituen sistema bakarra dela. Horregatik desplegatu zituzten beren indar guztiak atez atekoa desprestigiora eraman arte.

Zor bat dugula uste dut, momentu haietan eraso bortitz hari aurre egin zioten Xabier Mikel Errekondo eta Marian Beitialarrangoitia Usurbilgo eta Hernaniko alkate zirenekin, eta Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuarekin, besteak beste.

Engainatu gaituzte, bai, erraz engainatu ere. Benetan arduraz eta zintzo jokatuko balute egungo ordezkari politikoek, lotsatuta egon beharko lukete Gipuzkoari sartu dioten ziriarekin. Hasteko, Pasaiako Udaleko gaur egungo arduradun politikoek zigorra jaso beharko lukete ingurumenean eragiten ari diren kalteengatik. Atez ateko bilketa sistema emaitzaduna alde batera utzi eta askoz ere emaitza kaskarragoak ematen dituen sistema batera jo dutelako, jakinaren gainean egonda. Baita Astigarraga edo Lezoko gaur egungo agintariek ere, bide bera hartuko dutelako. Zer esanik ez, behar ez dugun errauste planta bat martxan jartzeko erabakia hartu duten agintariek.

Puntako teknologiaz aritzen dira aho betean. Puntako teknologia ez da mirarizko soluzioa. Osasunarentzako oso kaltegarria eta izugarri garestia da, ondo frogatuta geratu den bezala.

Atez atekoak eskaintzen du gaur egun balorean jarri beharko genukeen teknologia punta-puntakoa:

Inoren esku utzi gabe, geuk sortutako hondakinak geuk moldatzea ahalbidetzen duelako, gaika txukun biltzeko konpromisoa eskatzen diolako norberari eta herritar arduratsu bihurtzen gaituelako.

Gure eskuak asko dezake!

Izango ote gara gai gertatu denaz hausnartzeko, geure ardurak hartzeko eta hurrengo engainuan ez erortzeko?